2020/06/06

Berriz ere martxan da Zubimuxu aterpea

Regina Brücker-i esleitu zitzaion martxoan Zubimuxu aterpearen kudeaketa, baina konfinamendu garaia tarteko, orain arte ezin izan ditu ateak ireki.


[Kronika-tik hartutako elkarrizketa]

Ez du hasiera erraza izan Regina Brückerrek, Zubimuxu aterpetxean. Osasun alarma egoera ezarri zen egunean bertan sinatu zuen aterpetxea hartzeko kontratua, eta ireki ezinik egon da bi hilabete pasatxo. Baina dagoeneko hasi da bisitariak hartzen bertan, eta baita udarako erreserbak jasotzen ere. Baikorra da, datozen hilabeteei begira, eta pixkanaka jarri nahi du martxan bere proiektua: Zubimuxu, aterpetxe bat baino gehiago izatea nahi du.

Nolakoak izan dira azkeneko hilabeteak, aterpetxea ireki ezinik?
Ireki ezinik egon gara orain arte, eta aterpetxea prestatzen aritu gara. Alarma egoera ezarri zen egunean bertan hartu nuen nik aterpetxea; egun horretan sinatu nuen kontratua. Behintzat, denbora eman dit pentsatzeko eta proiektua zehazteko, aterpetxea barrutik margotzeko, jardina prestatzeko, garbiketa egiteko...

Zaila izango da, aterpetxea hartu berritan, ireki ezinik aurkitzea...
Bai bai, izan zen momentu bat, ez nekiela zer egin. Ez zen garbi ikusten, udaran irekitzerik izanen genuen ala ez. Eta zalantza neukan, martxan jarri edo oraingoz ez ekin. Baina gero, ikusi nuenean baietz, posible izanen zela, gogoz hasi nintzen lanean. Eta azkeneko bi asteotan, Nafarroako jendeak etorri ahal izan du, eta bat edo beste etorri da, bikoteren bat asteburuetan eta. Udarako badauzkagu erreserba dexente, dagoeneko. 

Hasi da mugitzen pixka bat, beraz?
Badago mugimendua, bai. Erreserbak egin dizkigute, behintzat. Gero, ea etortzen diren... Tokia badago oraindik, hala ere.
Baina udarako hilabeteotarako eskaera dexente jaso ditugu, lehenago etorri den jendea zein aurrenekoz etorriko dena. Baikorra naiz, jendea bilatzen ari delako gertu daukan zerbait, pixka bat isolatuta eta herri txikietan, jende askorik gabe.  Hemen ez dugu Koronabirus kasurik izan, eta makina bat txoko daude, tarteak mantentzeko, eta bakoitza bere kasa aritzeko.

Nolako neurriak hartu beharko dituzue?
Gehiago desinfektatu beharko dugu, noski; bereziki zona komunak: pasilloa, sukaldea... Eta logela garbitzerakoan ere, arreta gehiago jarriko dugu desinfekzioan, heldulekuak eta elementu guztiak garbituz. Eta zona komunak erabiltzeko, txandak antolatu beharko ditugu, egongelaren edota sukaldearen erabilera erregulatu. Orain arte ez zait tokatu bikote edo talde bat baino gehiago izatea, baina aurrerantzean bai. Beraz, txandaka erabili beharko dituzte gune horiek, eta tartean desinfektatu eginen ditugu.

Zenbat jenderentzako tokia dauka Zubimuxuk?
30 plaza dauzka, bost gelatan. Bi logela dira bi lagunentzat, komuna konpartituta. Eta beste hiru gela daude haundiagoak, 10eko bi eta seiko bat, literekin. Horiek, komuna eta dutxa daukate logelaren barruan. Eta gela guztietakoek erabili ditzakete sukaldea eta gainerako zona komunak. Hartu daiteke gela oso bat, litera bat, edo aterpetxe osoa. Dena den, une honetan aforoaren %50a erabili dezakegu, gehienez.

Zer dela eta hartu zenuen aterpetxea?
Denboran oso atzera eginen dut, azaltzeko. Nik ikasi nituen Geografia eta Basoko Ingeniaritza. Eta beti gustatu izan zait, geografiaren barruan, landa eremuen garapena, eta herri txikien kultura eta egitura mantentzea; baina era berean, zonalde horien ekonomia indartzea. Azkenean, maitasunaren bideak Goizuetara ekarri ninduen. Suitzan irakaslea nintzen ni, institutu batean ordezkapenak egiten. Goizuetan bizi zen hernaniar bat ezagutu nuen Zeelanda Berrian, munduaren beste puntan. Eta zenbait urtetan, egon ginen Suitzatik hona
eta hemendik Suitzara mugitzen. Baina nonbait finkatzeko ordua iritsi zen, gure bizitza estiloa berreskuratzeko eta oiloak, katua... izateko. Eta Goizuetan ezarri ginen. Euskera oraindik guztiz ez menperatzeak, mugatu egiten nau nire lanbideetan aritzeko, irakasle edota geografo bezala. Eta hasteko, aterpetxea hartu dut, aprobetxatu dezakedalako hizkuntza ezberdinen ezagutza; euskera ere hobetzen ari naiz. Gainera, turismoa dinamizatzeko beharra dago herrian, eta probatzea erabaki dut.
Aterpetxea oso txukun dago, eta ez da inbertsio ekonomikorik egin behar. Inbertitu behar dena da denbora, gauzak sustatzeko, eta sormenerako toki bihurtzeko. Zerbait gehiago eman nahi diot Goizuetari, eta ez dut nahi izatea turistentzako toki bat bakarrik; baita herritarrentzat ere. Berez, inaugurazio bat egin nahi nuen goizuetarrentzat, aurrena beraiei eskaintzeko aterpetxea, kanpora zabaldu baino lehen; baina egoerak ez du ahalbidetu. Niretzako garrantzitsua da aterpetxea herritarrei zabaltzea, eta tailerrak, ikastaroak, ikusentzunezkoen emanaldiak... egin nahi ditut bertan. Zentro kultural bat izan dadila, non garrantzia eta balioa emanen diogun gure adinekoen jakintzari.

Aterpetxe bat baino gehiago izango da, orduan?
Proiektua ez da bakarrik aterpetxe bat turistentzat. Etortzen direnak, izaten dira askotan mendian ibiltzea gustatzen zaienak, zonaldea pixka bat ezagutzen dutenak... Inguruko jendea, gipuzkoarrak edo nafarrak. Hori indartu nahiko nuke, informazioa bateratu eta webgune txukun bat egin. Baina horrez gain, gauza berriak ere eskaini nahi nituzke. Izan dadila toki bat lasai egoteko eta erlaxatzeko, baina aldi berean kontziente egoteko. 
Gauzak irakatsi nahiko nituzke; yoga klaseak emanen ditut, adibidez. Horretarako, ganbaran txoko bat ari gara prestatzen, jarduera ‘xuabe’etarako, oinutsik egoteko, esterila, manta edo kojinekin. Eta hori ere jendearen eskura egonen da. Esaterako, ‘coach’ batek erretiro bat egin nahi badu talde txiki batekin, ganbara alokatu dezake, edo aterpetxe osoa, nahi izanez gero. 

Tailerrak eta ikastaroak eskaini nahi dituzula diozu. Nolakoak?
Aterpetxetik aparte izanen da hori, nahiz eta txertatu daitekeen baita ere, ikastoletatik taldeak etortzen badira, adibidez. Baina Iriartenean, eskulanentzako gela bat prestatzen ari da Udala, eta sormenerako aprobetxatu nahiko nuke. Baserrietako eskulangintza landu nahiko nuke. Esaterako, artilea lantzea, hutsetik hasita, haurrekin. Hartu artilea moztu berri, zikin dagoela oraindik, eta prozesu osoa egin: garbitu, orraztu, ireki, berriro elkartu... Eta egin piezaren bat, izan aulki batentzako kojina, zapata batentzako plantilla, faja bat, poltso bat... Eta eskolekin, bestelakoak ere egin daitezke, intsektuentzako hotel bat adibidez. Erraza da egiten, txikia edo haundia, eta etxean edo eskolan jarri daiteke gero. Eta polita da ikustea, nola pixkanaka umetzen dijoazen, eta udaberrian ateratzen hasten diren kumeak. Ideia asko dauzkat, baina horietako batzuetan zentratu behar dut oraingoz. 
Irteerak ere antolatu nahi ditut, gauez adibidez, gaua eta iluntasuna sentitzeko, izarrak zer diren konturatzeko... Garai batean ohikoa zen iluntasuna, ez zegoen farolarik, eta gaur egun, edozein txoko ilunek beldurra ematen digu. Eta pedagogia esperimentala ere landu nahi dut, eginez ikastea. Aterpetxearen logoak, barraskiloak, islatzen du nire ideia: motel dijoa, baina adi dago, kontziente da.
Ez dut nahi abentura parkerik; ez dugu ezer behar.

Suitzarra zara. Herri txiki batekoa, Goizueta bezala?
Bai, landa eremu batekoa, Suitzako mendietan. Ni hezi nintzen behin artean, esne gordinarekin... Antzekotasun haundiak ikusten dizkiot Goizuetarekin. Baserritarrak baserritar dira munduko toki guztietan. Eta horrek, era berean, erraztu egin dit bertakoekin tratua. Oso gustura nago, oso irekiak dira bertakoak. Oso ongietorria sentitu naiz beti.

Zer gustatu zaizu gehien, Goizuetan?
Urumea ibaia. Ausartzen bazara pixka bat barrura egiten, aldenduz kotxean oso eroso joan zaitezkeen toki horietatik, putzu eta txoko ederrak aurkitu ditzakezu, lasai eta bakar-bakarrik bainatzeko eta egoteko. Eta zonaldea bera, zeinen berdea  den. Ez dakit maitasunak eraman ahal izanen ninduen Nafarroako hegoaldera, adibidez, desertuagoa dela. Nik berdeguneak eta ura behar ditut, gustura egoteko.