Artikutza Goizuetako udalerrian dago, Nafarroan. 3.700 ha ditu, eta 30 km-ko perimetroa, gutxi gorabehera. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta eta Beintza-Labaien ditu mugakide.
Mendi zirku batek inguratzen du, eta hauek dira tontor nagusiak: Bianditz (841 m), Izu (829 m), Arainburu (1.054 m), Loitzate (1.046 m) eta Altueta (654 m).
Erroiarri, Enobieta, Urdallu eta Elama arro nagusietarantz doazen errekasto ugari dago, eta guztien artean Añarbe erreka sortzen dute. Erreka horrek Berdabiotik, barrutiko kota txikienetik uzten du Artikutza.
Abuztuaren 28an atakak irekitzen dira eta autoz Artikutzako herriraino iristeko aukera izaten da. Gainontzeko egunetan autoz sartzeko, ordea, baimena eskatu behar da Donostiako Udalean. Orain gutxi arte Eskas-etik (Oiartzun) bakarrik sartu zitekeen autoz, baimena eskatuta. Orain, berriz, Goizuetatik sartzeko aukera ere badago, Arriurdinetako sarreratik.
Goizuetatik autoz
Goizuetatik autoz Labetaraino sar daiteke, aldez aurretik baimena eskatuta. Baimen eskatzaileari klabe bat emango zaio kandadu bat ireki, eta horrela, ataka ireki ahal izateko.
Labetan elkartzen dira sarrerako pista eta Elama ibaia. Autoa aparkatzeko aparkaleku txiki bat moldatu da han, eta bertatik hainbat bidezidor abiatzen dira, Elamaren Ibai Erreserba Naturala, Elama eta Gozarin burdinolen hondakinak edo burdinoletarako burdin minerala ateratzeko meategien eremua bisitatzeko.
Nola eskatu baimena
Goizuetatik sartzeko baimena eskatzeko honako helbide elektronikora idatzi behar da: ingurumena@donostia.eus, edo, bestela, 943 48 33 90 telefonora deitu, astelehenetik ostiralera eta bulego ordutegian (9etatik 14etara).
Zubieta, Arantza edo Lesaka herrietatik ere badaude Artikutzara joateko mendiko bidezidorrak, antzeko tarte batera (10 bat km).