JENDE OSPETSUA

 

Pilota

Pilotak ospe handia eman dio herriari. Pilotari on askoak eman ditu Goizuetak. Herriko pilotariek makina bat txapelketa irabazi izan dituzte: Munduko Txapeldunak dira Juantxo Apezetxea (urrezko domina lortu zuen) eta Iñaki Lujanbio, azken hau 1992ko Joku Olinpikoetan ere Txapelduna izan zen. 1980, 1983, 1986, 1990, 1991 eta 1992ko Herri Arteko Pilota Txapelketak irabazi zituen Goizuetak. Hainbat herritar iritsi dira pilotari profesional izatera: Iñaki Lujanbio, Jose Julian Salaberria, Agustin Loiarte, Jon Apezetxea eta Asier eta Aimar Olaizola. Pilota munduan hizki handiz idatzi du bere izena Aimar Olaizolak. 19 aldiz izan da Txapeldun, lau t'erdian, buruz-buru eta binaka; Asier Olaizolak binakako 2 Txapelketa irabazi ditu profesionaletan aritutako 17 urtetan.

Herremintak ere badu ordezkari goizuetarrik: Miel Salaberria erremontean aritu zen eta gaur egun Aritz Zubiri dabil. Esku-pilotan hasi eta 15 urte eman bazituen ere erremonterako saltoa eman zuen. Promozio mailako 2 txapel irabazi ditu.

 

Futbola

Pilotariak bezain ospetsuak izan dira goizuetako futbolariak. Aipagarria da Yandeneko etxetik sortu zen futbolari sorta, Bakerotarren 11 senidetik 8 futbolean aritutakoak baitira. Garaipenei begira Joxe Marik, Ixiarrek eta Ainhoak lortu dituzte titulurik gehien. Oihartzun handiena Joxe Marik lortu du, 17 txapelketa handi irabaziz Real Sociedad eta Barcelona FC taldeekin, besteak beste: Liga, Kopa, Erregekopa eta Europako Kopa. Ixiarrek eta Ainhoak Añorga taldearekin, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioarekin ere kopa eta liga mordoa eskuratu dituzte.

Joxe Manuel Etxeberria Osasunako jokalaria izan zen. 10 urtez aritu zen futbolean, Osasuna taldean bertan erretiratu zen arte.

 

Atletismoa

Arantxa Bakero distantzia laburreko lasterkaria izan zen, hainbat txapelketa irabazi zituen eta 1988an 200mko Gipuzkoako errekorra lortu zuen. Marka hori bere esku izan zuen 17 urtez. Amaia Lujanbio berriz, iraupen-lasterketetan aritutakoa da, hainbat domina eskuratuz. 1500 metrotan Nafarroako txapeldunaren titulua du bere gain.

 

Andres Narbarte ¨Xalto¨

1927 urteko azaroaren 20an jaio zen Goizuetan, nekazari lanbidez. Soldaduska Afrikan egitea suertatu zitzaion, Lazkaotxikirekin batera hain zuzen ere. Bertsolari klasikoa eta eskola gabea. Nafarroako bertsolari txapeldun izan zen 1960 eta 1964an, eta bigarren 1962 eta 1966an. 1971 urtarrilaren 9an mendian sasi-larreak erretzen ari zela suak indarra hartu eta horren ondorioz hil zen atake bat emanda. Herriko eskola publikoak bere izena daramaki, Andres Narbarte ¨Xalto¨

Euskarari bertso hau berak kantatua da: GURE HIZKUNTZA

 

Zerbait esan nahi nuke

nere gogotikan

gure hizkera gaixo

honengatikan;

hauxe ikasi gendun

txikiagandikan,

orduan ez genduan

bera besterikan,

ezta hizkuntzikan

honelakorikan;

hemen dagonikan

hau bezin onikan,

ez utzi galdutzea

Euskerarikan,

ez utzi galdutzea

Euskerarikan.

 

Trabuko

“Goizuetan bada gizon bat deitzen zaio Trabuko”. Horrela hasten dira Mikel Laboak famatu egin eta XVIII.mendean Berdaio deituriko (Joseph Etchegaray) gizon batek idatzitako bertsoak. Bertsoek Goizueta, Leitza, Oiartzun eta inguruko herrietan lapur eta gaizkile talde batek XVIII.mendean egindakoak kontatzen ditu.

Berdaio lapurreta eta txanponak faltsutzeagatik kartzelaratu zuten. Bertan zela idatzi zituen bertso horiek. Trabuko gaizkile talde berdineko kidea zen eta Berdaio salatu zuena izan zen. Azken honek, ordainean, idatzi zituen bertsoak azken honek, Elaman burututako hilketa hala nola.

 

Goizuetan bada gizon bat
deritzen zaio Trabuko;
hitzak ederrak, bihotza paltso,
sekula etzaio paltako;
egin dituen dilijentziak
berari zaizkio damuko.

Ongi ongi oroitu hadi
zer egin huen Elaman;
difuntu horrek izatu balu
jarraikilerik Lesakan,
orain baino lehen egongo hintzan
ni orain nagoen atakan.

Neure andreak ekarri zuen
Aranaztikan dotea;
hobe zukean ikusi ez balu
Bedabioko atea,
orain etzuen hark idukiko
dadukan pesadunbrea.

Nere buruaz ez naiz oroitzen
zeren ez naizen bakarra;
hazitzekoak hor uzten ditut
bi seme ta hiru alaba,
jaun zerukoak adi dezala
hoien amaren negarra.

 

Dionisio Txoperena Altamira

Estatu Batuetara lanera joandako artzain euskalduna zen. Gehienbat, AEBetako telefonia mugikorreko iragarki-kanpaina batean parte hartzeagatik egin zen ospetsua.

13 urterekin eskola utzi eta aitarekin artzain hasi zen. 1973An, 17 urterekin, artzaintzan lan egiteko asmoz Estatu Batuetara emigratu zuen. 1999an, egiazko artzain edo abeltzain bat behar zuela erabaki zuen iragarki konpainia batek; artzain hori izanen zen AT&T telekomunikazio enpresarentzako publizitate-konpainia baten irudia: Dionisio Txoperena. Iragarki konpainia honek oihartzun handia izan zuen, eta horren ondorioz Txoperena oso pertsona ezaguna bilakatu zen Estatu Batuetan. Handik gutxira, sorlekuan ere ospetsu egin zen, Ameriketatik zetozen albisteei esker. Gerora, ETBk haren bizitzaren inguruko dokumentala ekoitzi zuen, Txoperena izenekoa.

2006ko irailaren 12an, 51 urterekin, minbiziaren ondorioz Petalumako (Kalifornia) etxean zendu zen, bere emazteak bikiak erditu baino lehentxoago.