2025/07/15

Ohitura zaharrari eutsiz, Auzolana herrian

Herriko jubilatu talde batek, Porrostako kisulabea garbitu eta txukundu du aurreko astean

Azken hilabete hauetan, auzolana indartzen ari da herritarren artean; Iberoko auzolana, BTT ibilbideak prestatzeko mendi garbiketak.. eta aurreko astean, jubilatu taldetxo baten kisulabearen txukuntzea. Azken hau, Porrostako kisulabe dotorearen garbiketa izan da. Kisulabea bera, desbrozadorekin eta bestelako herramientekin txukuntzeaz gain, bertara ailegatzeko bide bazterrak ere garbitu dituzte. Lan ederra egin du jubilatu talde honek, txalotzekoa benetan.

Kisulabe honen kokapen zehatzagoa, Malene igaro eta segidan, eskuinetara dagoen pista hartu Itxortxa aldera, hor 800m inguru igo eta "Aitasemegi" seinalea agertzen den bidegurutzera hartu, hortik 150 metrotara kokatzen da kisulabea, pistaren ondo ondoan.

XIX. mendeko kisulabea da eta kisulabe hauek, garai hartako zailtasunen ispilu dira: gosete ikaragarria izan zen 1850 urte inguruetan, uzta murritzen eraginez. Horri aurre egiteko, baserri multzo bakoitzak bere kisulabea eraiki zuen. Kareharria bertan erre eta ongarri moduan erabili zuten kisua, artasoroetan eta belar-soroetan batez ere. Balio izugarria izan zuen horrek, dokumentuetan aipatzen denaren arabera: kasu askotan, bikoiztu egin zen artoaren eta belarraren ekoizpena. Porrostako kisulabeak badu berezitasun bat: 30 metrora zeuden harrobia, eta bertatik ateratzen zuten kareharria. Horrek lagundu zuen kisu ekoizpena haundia izaten.

Beste hedabideak:

https://erran.eus/leitzaldea/1752241169413-auzolanean-garbitu-dute-porrostako-kisulabea

https://kronika.eus/goizueta/1752426855702-porrostako-kisulabea-eta-iberoko-bainulekua-garbituta-auzolana-indartzen-ari-da-goizuetan