2020/08/03

Ur-ihesak non dauden eta auzo bakoitzean zenbat ur galtzen den jakin da uztailean zehar egindako ur mozketekin.

Orduko 8.300 litro ur galtzen dira bataz beste.

Uraren gaiak arazo ugari eman ditu azken urteetan herrian. Izan ere, ur depositua bete bai, baina behar baino lehengago husutzen da. Hori dela ta, azken urtean zenbait  fuga edo ur-ihes antzeman dira eta hauek konpondutakoan depositua nola betetzen den ikusi da.

Hala ere, arazoak iraun egiten du eta honi aurre egiteko, uneoro zenbateko ur kontsumoa dagoen jakiteko kontadorea jarri da deposituan. Horretarako 2.500€ko inbertsioa egin du Udalak.

Uztailaren 5etik 24ra bitartean ura moztu da auzoka, jakiteko auzo bakoitzean zenbat ur kontsumitzen den eta gauez ura moztutakoan zenbat litrok egiten duten ihes. Neurketa hauekin ikusi da egunean bataz-beste 84.000 litro kontsumitzen direla herrian (biztanleko 163 litro egunean, Nafarroako bataz bestekoa biztanleko 112 litrokoa den bitartean).
Gauez, aldiz, ura moztuta ere, bataz beste orduko 8.300 litro gastatzen direla ikusi da. Horrekin ondorioztatzen da egunean 199.000 litro ur galtzen direla. Honela banatzen da galtzen den ur guzti hori:

-Santa Maria kalea: 49.600 litro/egunean

-Beheko Landa: 12.000 litro/egunean

-Goiko Landa: 21.00 litro/egunean

-Fermin Antonio Apezetxea kalea: 21.000 litro/egunean

-Txino auzoa: 27.000 litro/egunean

-Depositutik herrira: 68.400 litro/egunean

Informazio hau eskura izanda eta ur-ihesak ze puntu zehatzetan dauden antzeman ondoren, aste honetan zehar konponketa lanak egingo dira. Dena den, ura arduraz erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei.