Kontaktua: goizuetakoumoreona@gmail.com
Izen bereko Peñaren ekimenez sortu zen 1984ko abenduan Umore Ona Elkartea 100 bazkiderekin. Sortu zenetik atal ezberdinak hartu ditu bere baitan: dantza taldea, pilota, areto futbola, korua, herri kirolak,... Gainera urtean zehar beste hainbat ekintza antolatu edo babesten ditu. 250 bazkide inguru ditu gaur egun elkarteak. Umore Ona elkartearen baitan dauden atalak:
Dantza taldea
1936ko gerra aurretik ere bazen dantza taldea Goizuetan. Errepublika garaian ikurrina erabili izan zuten agurra egiteko. Hutsarteak hutsarte, beti izan da dantza herrian. Gehienetan, orain bezala, Amabirjinetako saioa soilik eskaintzen zuten.
1980ko hamarkadaren bukaeran Umore Ona Elkarteak bere baitan hartu zuen taldea eta 50 kidetik gora izan zituen sasoi horretan. Herritik kanporako irteerei ere ekin zion taldeak urte batzuetan. Adin guztietako 25 bat herritar daude gaur egun Umore Ona dantza taldean.
Pilota eskola
Urtetako lanari esker gazte asko trebatu da bertan. Gaur egun 13 ikasle ari dira esku-pilotan Angel Salaberria entrenatzailearekin.
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Pilota Federazioak, pilotaren ibilbideak sortu zituzten 2010ean, 3. ibilbideko parte da Goizueta, Eratsun eta Leitzarekin batera.
Areto futbola
Gipuzkoako Ligan parte hartzen du Goizuetako areto futboleko taldeak. 3. dibisioan. Honako hauek hartzen dute parte 2016ko denboraldian:
Kapitaina: Mikel Perurena
Entrenatzailea: Alain Goizueta
Jokalariak: Ander Apezetxea, Xabier Zugarramurdi, Urko Apezetxea, Ekaitz Loiarte, Eder Aguilar, Ekaitz Narbarte, Mikel Huizi, Iñaki Etxeberria, Oihan Zugarramurdi, Hodei Lujanbio, Patxi Etxeberria, Mikel Perurena, Yoni Salaberria, Iñaki Rodriguez, Alain Goizueta.
Entrenamenduak astelehen eta asteazkenetan egiten dituzte.
Abesbatza
2006an sortu zen Umore Ona abesbatza kultur taldearen ekimenez. 45 kide inguru zeuzkan koruak hasieran Igaratza Apezetxearen gidaritzapean. Nuria Colomerrek hartu zuen ondoren batuta eta Eneko Amondarain irundar gazteak zuzentzen du gaur egun 30 abeslarik osatzen duten taldea. Iruñean, Donostian, Bilbon edo Santanderren eta beste hainbat herritan kantatu du, besteak beste, Umore Onak bere ibilbidean. Eguberrietako kontzertua eta Amabirjinetako auroroak dira koruak herrian eskaintzen dituen emanaldi aipagarrienak.