2021/08/19

Uda honetan hainbat lan ari dira burutzen herrian

Mendiko askak konpondu, mediku kontsulta eraberritu, Tifanitxon ate berriak jarri, udaletxean galdara aldatu...

Uda atseden hartzeko erabiltzen dute batzuek eta lanerako baliatu besteek. Herrian ez gaude geldirik eta hainbat hobekuntza eginen ditugu.

Hilerriko kolunbarioak
Gero eta jende gehiagok erabakitzen du hildako senitartekoak erraustea eta kolunbarioak eskas gelditzen ari zirela ikusita, udalak 32 zulo edo kolunbario berri jarri ditu. Bertan senitarteko bat baino gehiago sartzeko aukera egonen da. Lanak Hargoi enpresak egin ditu eta 9.035,45 euroko aurrekontua izan dute.


Mendiko askak
Aitasemegi, Tartazu eta Alkasoaldea auzoetan aziendek ura edateko lau aska berri jarriko dira eta bat konpondu. Bertako abeltzainekin adostu da aska hauen kokapena. Berriak Domiñako borda, Mandoegi, Altzanburu eta Altzako txokoan jarriko dira eta Biorsoroko aska da konponduko dena. Lanek 18.739,70 euroko aurrekontua izanen dute, hauetatik zati bat abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko dirulaguntzarekin ordainduko da.


Mediku kontsulta
Herriko mediku kontsultan eraberritze lanak eginen dira. Horrela, larrialdiak artatzeko gune berri bat izanen du gaur egungo kontsultak. Lanak mediku kontsultako langileekin adostu dira eta Goizuetako eraikuntzak enpresak burutuko ditu azaroa baino lehen. 49.392,56 euroko aurrekontua dute eta % 100 Osasunbideak ordainduko du.

Ur-horniduraren sarea

Ur kontsumoaren datu kezkagarriak direla eta, azken urteetan sarea hobetu nahian aritu da udala. Ur deposituetatik 309.000 litro ateratzen dira egunero, eta horietatik 75.000 bakarrik kontsumitzen dira, gainerakoa bidean galtzen da ur-ihesak daudelako.

Egoerari irtenbidea emateko eta Nafarroako Gobernuak ezarritako 2027rako helburuak betetzeko, ekintza plana abiatu dute. Eunate ingeniaritzak hornidura sarearen ekoauditoria bat eginen du, sarearen egoera zein den jakiteko eta ezarritako helburuak betetzeko zer egin behar den aztertzeko. 5.808 euroko aurrekontua izanen dute lanek, azaro hasierarako bukatu beharko dituztenak.

Honez gain, uraren presioa erregulatzeko instalazio bat ere jarriko du udalak Txino auzoan, sarean dabilen ura kontrolatu ahal izateko. Apezetxea Anaiek 18.475,42 euroko aurrekontuarekin eginen dituzte lanak abuztuan.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Covid19aren ondoren ekonomia sustatzeko udalei emandako dirulaguntzak ere baliatuko dira hainbat lan egiteko. Dagoeneko Tifanitxo eraikineko ate berriak jartzeko erabili da dirulaguntza eta udaletxeko galdara berria jarriko da. Gasoliozko galdara zaharra aldatuko dute eta, energetikoki efizienteagoa izanen den galdara berri bat jarriko dute udal eraikina berotzeko. Lanak abuztuan eginen ditu Urdiñola enpresak. 6.183,10 euroko kostua izanen du galdara berritzeak.