Ez dira egunero betetzen 100 urte eta ospatzeko Goizuetako Udalak lore sorta oparitu zion atzo.
Nolako zura, halako ezpala. Halaxe dio esaera zaharrak, eta ezin hoberik aurkitu Mitxelko baserriko familiari buruz aritzeko. Gaur, urriak 15, ehun urte bete ditu Florentina Loiarte Arotzenak, eta duela 30 urte, urriaren 31n, bere ama Maria Arotzenak ehun urte bete zituen. Mendeurrena beteta hil zen Mitxelkoko Maria, eta Paulo Loiarte bere senarra 98 urterekin.
Ehun urteko hiru lagun
Maria Arotzena ez zen 1992. urtean ehun urteko muga gainditu zuen herritar bakarra izan; 1892an jaio ziren hiru goizuetarrek bete zituzten ehun urte: Mitxelkoko Mariak, Donfermineneko Jaxinta Eskuderok eta Muxurdinbordako Maria Apezetxeak. Eta urte hartan udalak hirurak izan zituen gogoan, oroigarri bana emanez.
Oso bestelako osasun egoerarekin ailegatu ziren ehun urteak betetzera. Jaxinta, esaterako, ohean zegoen. Apezetxea, ordea, oinez Kuxinene baserrira joaten omen zen kafea hartzera. Eta Arotzena, gurpil aulkian zegoen ordurako, baina osasun harrigarria zuen. Eta zein ote zen sekretua? Bada kontatu zuenez, «ehun urtetara ailegatzeko arrazoietako bat pattarrak ematen duen bixigarritasunean dago». Egunean hiru tragoxka edaten omen zituen.
Maria amaren lekukoa Florentina alabak hartu du
Maria eta Paulok hamabi seme-alaba izan zituzten, eta horietako bat, Florentina, da orain mendea beteko duena. Alaba bat, biloba bat eta bi birbiloba ditu eta urte mordoska omen ditu Mitxelko baserritik herrira etorri gabe. Hala ere, herria ikusteko gogotsu dago eta Oxeguarda jatetxean bere ingurukoekin ospatu nahi du bere urtebetetze egun berezia bihar, urriaren 16an.
Ez dira egunero betetzen ehun urte, eta dudarik gabe, bada ospatzeko nahiko motibo. Horregatik Maialen Apezetxea Udaleko Gizarte Gaietako zinegotziak eta Unai Miranda alkateak bisita egin zioten atzo Florentinari eta sasoi ederrean topatu omen dute.
Zorionak!
*Ttipi-ttapako informazioarekin osatutako albistea
https://erran.eus/leitzaldea/1665656962621-goizuetako-florentina-loiarte-arotzenak-ehun-urte-bete-ditu-gaur