2019/09/21

Laister hasiko dira Udaletxean igogailua jartzeko lanak

Eskolako kaldera gela berritzeko lanak dagoeneko martxan daude eta urrian bukatzea espero da.

Udal bulego eta aretoetara iristea errazagoa izanen da laister, hil honen amaieran hastekoak baitira Herriko Etxean igogailua jartzeko obrak. Igogailu honek Udal bulegoetara, Batzar Aretora eta Ganbarara irisgarritasuna bermatuko du, orain arteko zailtasunak sahiestuz. 

Lan hauek Biok Pro eta eraikuntzak SL herriko enpresak egingo ditu eta 2 hilabete eta erdian luzatuko direla aurreikusten da. Igogailua jartzeak 90.221,58 €-ko kostua du, baina 66.343,31 €-ko dirulaguntza jasoko du, %75ekoa hain zuzen ere. 

Obrak irauten duen bitartean aldaketak izanen dira Udal bulegoetan, baina zerbitzuak normaltasunez eskeiniko dira. 

Lan hauez gain, dagoeneko martxan dira eskolako kaldera gela berritzeko lanak ere. Hauk Ingasca SL enpresaren gain daude eta urrian zehar bukatzea espero da. 72.645 €-ko kostua dute, eta hauetatik 52.772,85€-ko dirulaguntza bidez jasoko dira. Lan hauek irauten duten bitartean, eskolan ez dute ur berorik izanen.