2026/08/11

Goizuetako Udalak 50 kW-eko instalazio fotovoltaikoa jarriko du Xalto Ikastetxeko teilatuan

Instalazio berriak, sortutako energiaren erdia Goiekhi Energia Komunitatearen bidez herritarren eskura jarriko da.

Goizuetako Udalak beste urrats bat emango du trantsizio energetikoan, Xalto Ikastetxeko teilatuan 50 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jarriz. Proiektu berri honen bidez, energia berriztagarria herrian bertan sortu eta aprobetxatuko da, udalaren energia-beharren zati bati erantzuteko eta, aldi berean, autokontsumo kolektiboa bultzatzeko.

Instalazioa Goiekhi Energia Komunitatearekin elkarlanean garatu du Udalak, eta lanak Leycolan enpresak egingo ditu. Proiektuak 48.243,55 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta Goizuetako Udalak 33.722,12 euroko dirulaguntza lortu du Nafarroako Gobernuaren Toki entitateentzako laguntzak trantsizio energetikorako 2026ko deialdian.

Lanak abuztua bukaeran hasiko dira eta iraila bukaerarako bukatuak egongo direla aurreikusten da.

Energia udalaren eraikinetarako eta herritarrentzat

Instalazioak sortutako energiaren erdia udalaren eraikinen energia-beharrei erantzuteko erabiliko da. Gainontzekoa berriz, Goiekhi Energia Komunitateari lagako zaio, horretarako sinatuko den hitzarmen baten bidez. Horrela, energia komunitateak sortutako elektrizitatea bere bazkideen artean eskaintzeko aukera izango du.

Proiektuak, beraz, energia sortzeko eta kontsumitzeko modu deszentralizatuago eta partekatuago baten aldeko urratsa dakar, energia berriztagarrien erabilera sustatuz eta herritarren parte-hartzea indartuz.

Trantsizio energetikoa eta herriaren elkarlana

Goizuetako Udalaren iritziz, proiektuak bi konpromiso uztartzen ditu: batetik, udalaren energia-beharren zati bat energia berriztagarrien bidez asetzeko azpiegiturak sortzea; eta, bestetik, herriko eragileekin elkarlanean aritzea, energia komunitarioaren bidez herritarren onurarako ekimenak bultzatuz.

Instalazio berri honekin, Goizuetak energia berriztagarrien eta autokontsumo kolektiboaren aldeko apustua sendotzen du, udalaren energia-kontsumoa jasangarriagoa bihurtuz eta herritarren parte-hartzea sustatzen duen energia-eredu baten alde eginez.