2021/03/10

Etxebizitza eskaerari buruzko inkesta banatuko da asteburu honetan

Inkestaren helburua Goizuetako etxebizitza eskaria hobeto ezagutzea da.

Goizuetako Udalak Etxebizitza Batzordea jarri zuen martxan 2016an. Aurten etxebizitza eskaria hobeto ezagutze aldera inkesta bat pasatzea erabaki du batzordeak, herritarren iritziak, beharrak eta eskariak biltzeko. 

Asteburu honetan Etxebizitza Batzordeko kideak etxez-etxe pasako dira inkestak banatzera. Herritarrek astebeteko epea izango dute galdetegia betetzeko, eta batzordekideekin hitzartutako egunerako prest eduki beharko dute, berriz etxetik pasako baitira insketa jasotzera. 

Etxean inkesta jaso ez duten, baina etxebizitza eskaeraren bat duten herritarrek Goizuetako Estanko eta Arropa dendan izango dute galdetegia eskuragarri. 

Udalarentzat eta herritarrentzat oso baliagarriak izango dira inkesta hauetan jasotako erantzunak. Izan ere, behin erantzunak jasota eta ondorioak aterata, herritarren beharrei erantzuna ematen ahaleginduko da Udala. 

 

Etxebizitza eskaintza webgunean. 

Etxebizitza Batzordeak gogorarazi nahi du, Udaleko web gunean erabilgarri dagoela "Etxebizitza eskaintza" atala. Bertan, etxe edo lokalen bat saldu edo alokatzeko jarri nahi duten herritarrek, txoko bat dute beren eskaintza publikatu eta horrela salerosketa errazteko. 

Eskaintza hauetan aldaketaren bat egin nahi dutenek (prezioa aldatu delako, dagoeneko salduta dagoelako edo argazkiak gehitu nahi dituztelako) edo eskaintza berriren bat gehitu nahi dutenek udala@goizueta.eus era idatzi edo Goizueta Info-ra (687832386) Whatsapp mezu bat  bidali besterik ez dute egin beharko.