2020/05/05

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute aurten ere UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean

Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.

Maiatzaren 6an hasiko da 2019ko Errenta Aitorpenaren Kanpaina eta aurten ere herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk, udalek eta beste hainbat erakunde publikok. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Azken urteotan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, aurten alarma egoerak baldintzatuta aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu edo udazkenera atzeratu diren arren. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen badira ere, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko.

 


 

 

Lurralde edo eskualde bakoitzera moldatutako kanpainak

Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.

Nafarroan, esaterako, aitorpen gehienak mekanizatuak dira, beste herrialdeetan bezala, baina ondasunetan aldaketak badira, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. 

 

 

Nafarroan, maiatzaren 6an hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina.

Errenta eta Ondarearen hurrengo kanpaina, 2019. urteari dagokiona, maiatzaren 6an hasiko da. Data horretatik, zergadunek www.hacienda.navarra.es webgunean kontsultatu ahal izango dituzte Nafarroako Foru Ogasunak egindako proposamenak eta hasiera emango zaio Internet bidez aitorpenak aurkezteko epeari.

Egun horretan bertan, maiatzaren 6an, abian jarriko da kanpainiako arreta eskaintzeko telefonoa eta bestelako tramiteak egiteko aukera izango da webgunearen bitartez; hala nola, PINa eskuratu, datu fiskalak edota aurkeztutako aitorpenak kontsultatu.

Betalde, zergadunei egingo zaizkien itzulpenei maiatzaren 11n emanen zaie hasiera.

COVID-19ak eragindako ezohiko egoera

Aurreko urteekin alderatuz, eta COVID-19 izurriteak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, Ogasunak ez ditu proposamenak postaz bidaliko eta ahalegin guztiak egingo ditu tramitazioa eta arreta osoa bide elektroniko zein telefono bidez eskaintzeko.

Nafarroako Foru Ogasunak nabarmendu du 2019 Errenta Kanpaina “ezusteko eta salbuespenezko egoeretan” garatuko dela, eta aitorpenak aurkezteko Internet erabiltzea gomendatzen du. Era berean, itzulketarako eskubidea duten zergadunei “arin” ordaintzeko konpromisoa azpimarratu du. Era berean, Ogasunak herritarren “solidaritate fiskala” eskatu du beren zerga-betebeharrak borondatez betetzeko.