Behin betiko aurrekontu legea oraindik onartu ez baldin bada ere, datorren urteko Nafarroako aurrekontuetan Goizuetako bi inbertsio garrantzitsu eta beharrezko egiteko partidak egongo direla esan dezakegu.
Aurrekontuen aurre-proiektuan jasota zegoen 300.000€ko partida bat. Honen helburua, Manuelenea eraikinaren birgaitzearen lehen fasea burutzea da. Hain zuzen ere, datorren urtean eraikina sendotzeko lanak burutuko ditu udalak, partida honi esker. Ezinbestekoa den lehen urrats honen ondoren, barruko lanak egitea faltako litzake eta erabat birgaitu ondoren, alokairu sozialera bideratutako sei etxebizitza egongo dira herritarren zerbitzura.
Aurrekontuen emendakin fasean berriz, EH Bilduk Goizuetako eskolako teilatua berritzeko 180.000€ko partida bat sartu zuen, eta onartu egingo da. Partida honi esker, teilatua guztiz berrituko da gaur egun dituen arazoei aurre egiteko. Azken urteetan eskolan egindako inbertsioei esker, eraikina kanpotik guztiz berritu dela esan dezakegu. Gaur egun, bertan Arano eta Goizuetako 80 bat neska mutilek ikasten dute eta 10 -12 irakasleek lan egiten dute. Gainera, Aralar Udal Musika eskolak ere bertan eskaintzen ditu bere zerbitzuak.
Legealdia hasi genuenean, besteak beste, despopulazioari aurre egitea, eta oinarrizko zerbitzuak mantentzea zen helburu nagusia, eta bi inbertsio hauek bide horretan daude hain zuzen ere. Nafarroako aurrekontuetan Goizuetarako inbertsioak egiteko bi partida izatera ez da batere ohikoa, eta gure herriarentzat nahiz herritarrentzat oso garrantzitsua da.
Guzti honek, Nafarroako parlamentuan EH Bildu indartsu bat edukitzeak duen garrantzia erakusten du.