2023/06/17

DBHko ikasleek bi ibilbide markatu dituzte Kikili Salda ekimenaren baitan

Eskualdean 7 ibilbide markatu dira denera eta , besteak beste, ariketa fisikoa egitera bultzatzea dute helburutzat.

Kikili Salda 2019 urtean Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eskualdeko elikadura, ariketa fisikoa nahiz ohitura osasuntsuak bultzatzeko helburuarekin eta adin txikikoen obesitate tasa murrizteko asmoarekin sortutako lantaldea da. Bertan gurasoak, hezitzaileak, gizarte zerbitzuetako ordezkariak, Udala eta herriko hainbat eragile elkar-hartuta ari dira lanean.

Nafar Gobernuak Osasun sailetik gure eremuan adin txikikoen obesitate maila Nafarroako bataz bestekotik gora zegoela jakinarazi zuen. Orduz geroztik, hainbat kanpaina gauzatu ditu Kikili Saldak: Azukrearen inguruko tailerrak, sukaldaritzari buruzko hitzaldiak...

Oraingoan, familian eta lagun artean ongi pasatzeko, gure ingurua ezagutzeko eta ariketa fisikoa egiteko aukera polit bat eskaintzera datoz. 

Zazpi ibilbide ezberdin markatu dituzte: bat Areson, beste bat Aranon, bi Goizuetan eta hiru Leitzan. 

Goizuetako ibilbideak Antoka eta Korroxkara doaz eta biak eskolatik hasten dira. DBHko ikasleek laranja kolorez markatu dituzte eta ordubete inguruan egiteko modukoak dira. Nahi izanez gero, wikiloc bidez ere jarraitu daitezke ibilbideak hurrengo link-etan sartuta. 

Antokako ibilbidea:   https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/kikilisada-goizueta-antoka-goizueta-117948958

Korroxkako ibilbidea:  https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/kikilisalda-goizueta-bordaberri-korroxka-soratxiki-goizueta-117964540

Ibilbide hauek egiteko aholkuak ere eman dituzte Kikili Saldatik: 

1) Ibilbide egokia aukeratu. Oinetako eta arropa egokia eta erosoa jantzi. 

2) Nor bere motxilaren arduradun: Zaindu hartutako materiala (bisera, xira, aldatzeko kamiseta...)

3) Motxilan sartu beharrekoa: Ura, janaria, eguzkitako krema...

4) Ibilbidea hasi aurretik gorputza aktibatu. 

5) Elkarrekin hitz egiten uzten duen erritmoan egin ibilbidea. 

6) Atsedenaldiak egin ura edateko eta zerbait jateko. 

7) Natura errespetatu. Zure zaborra zure ardura. 

8) Ibilbidea egin ondoren dutxatu eta azala hidratatu. 

Eskualdeko ibilbide guztiak biltzen dituen gida hauek ikasleei ikastetxeetan banatu zaizkie eta udaletxeko web orrian ere zintzilikatuta egongo dira.