Igandetik aurrera irteera kontrolatuak egin ahal izango dira umeekin. Irteera hauen jarraibideak azaltzen ditugu segidan.
Bihartik aurrera umeek kalera ateratzeko aukera izango dute, Espainiako Gobernuak haurren konfinamendua arintzeko ezarri dituen neurriak jarriko baitira indarrean. Azken hilabete honetan etxeko txikienek eta familiek ahalegin handia egin dute etxean geldituz eta ateratzea fisikoki eta emozionalki onuragarria bada ere, taldean ateratzen bagara, arriskua handitzen da.
Horregatik prebentzio neurri hauek betetzea funtsezkoa da.
- Umeak (0 eta 14 urte bitartekoak) heldu batek (18 urtetik gorakoa) lagunduta irtengo dira. Heldu honek umeekin bizi behar du. Umeekin bizi ez den heldu batekin atera behar badute, gurasoek emandako baimen bat beharko du heldu honek.
- Helduarekin batera gehienez hiru ume joan daitezke.
- Ume bakoitza egunean behin bakarrik irten ahal izango da ordubetez.
- Ibilaldiaren ordutegia: goizeko 9ak eta gaueko 21:00 artean egin behar da. Gobernuak puntako orduak saihestea gomendatzen du.
- Baimendutako distantziarik handiena haurraren bizilekutik kilometro batera da. Hemen eremu hori bistaratu dezakezu mapa interaktibo batean.
- Jostailuekin edo patineteekin atera daitezke, baina kontuan izan Goizuetako parkeak, eskola eta frontoia itxita egongo direla.
- Osasun Sailak gomendatu du umeek beste pertsonen arteko distantziari eustea (2 metro gutxienez) ibilaldietan eta eskuak ongi garbitzea.
- Umeentzako maskarak erabiltzea ez da nahitaezkoa, baina gomendagarria da aurreko bi gomendioak ezin direnean bete.
- Basoan paseatu ahal izango dute, aurreko baldintza eta gomendioei jarraituz. (Etxetik 1 km-ra, beste familiekiko 2 metroko distantzia mantenduz)
- Bizilagunen komunitateetako eremu komunei dagokienez, umeek ezin izango dute jostailurik partekatu, ezta beste ume batzuek erabiltzen duten instalaziorik erabili ere.
- 15 eta 18 urte bitarteko adingabeak kalera irten daitezke alarma-egoeran helduek egiten zituzten zereginetarako: erosketak supermerkatuan, farmazian, bankura joan...
- Familiako kideren batek sintomarik baldin badu, ezin izango da atera.
Hemen irakurri dezakezue BOEk dioena: