Orain arte batera ordaintzen zena, aurten bi txandatan ordainduko da.
Herritar asko ohartuko ziren, orain artean ez bezala, uztailean uraren tasa kobratu zaiela. Orain arte iraila-urria inguruan ordaindu izan dute herritarrek uraren hornidura eta saneamenduaren tasa, baina hemendik aurrera bi txandatan ordainduko da: uztailean uraren horniduraren tasa eta iraila-urrian saneamenduaren tasa.
Izan ere, orain arte dena batera kobratu izan bada ere, bi kontzeptu desberdin dira eta bakoitza erakunde batek kudeatzen du. Uraren hornidura, uztailean kobratu dena, Udalaren eskumena da. Saneamendua, berriz, NILSA enpresa publikoak kudeatzen du aspaldiko urteetan, nahiz eta tasa hau Udalak kobratzen dien herritarrei, bitartekari lana besterik ez du egiten.
Bi konzeptu hauek errazago desberdintzeko eta aurrera begira uraren horniduran egongo diren aldaketak aurreikusiz, Udalak erabaki du, aurten etxeko eta saneamenduko tasa momentu desberdinetan kobratzea herritarrei. Komeni da gogoratzea aurten etxeko tasa 5 euro igotzea erabaki zuela Udalak, ondorioz, urteko 55 euro izango da.
Saneamendua, orain arte bezala iraila-urria aldera kobratuko da. Saneamenduaren tasa NILSAk ezartzen du eta gutxi gora behera urtean etxe bakoitzeko 110 euro inguru ordaintzen dira.
Beraz, herritarrek tasa bat gehiago ordainduko duten arren, osotara kopuru berdintsua ordainduko dute.