2023/05/31

"Ni ez naiz zomorroa" ipuina idatzi du Ane Tabernak

Ipuina larunbat honetan jarriko da salgai Mendialdeko Azokan

"Ni ez naiz zomorroa" du izenburutzat Ane Taberna Etxeberria herritarrak idatzitako ipuinak. Bertan, besteak beste, garai bateko ikazkinen bizimodua eta Goizuetako inauterien ikurra den Zahagi Dantzaren jatorria kontatzen da. Ilustrazioak Karmele Gorroño "Irrimarra"k egin ditu. 

Haur Hezkuntzako irakaslea da Ane eta ipuinekin lan egitea gustatzen zaio. Aipatu duenez, faltan botazen zuen Goizuetan hain maitatuak eta beretzako bereziak diren inauteriei buruzko materiala. Hortaz, gure arbasoengandik guganaino ahoz aho iritsitako istorioa bildu eta ipuin forma emateko erabakia hartu zuen duela urtebete inguru. 

Prozesua luzea izan dela ere esan du, baina emaitzarekin arrunt pozik gelditu dela azpimarratu du. 

Ipuina erosi nahi dutenek larunbat honetan ospatzekoa den Txondor Egunean izango dute aukera, postua jarriko baitu Mendialdeko Azokaren barruan. Horrez gain, Goizuetako Estankoan, Iruñeko Karrikiri Euskal Dendan eta  Oiartzungo 1545 argitaletxean erosteko aukera ere izanen da. 

Goizuetako Udalak, herriko kultur ondarea biltzeko egindako lana eskertu asmoz, dirulaguntza eman dio ipuina argitaratu ahal izateko.