Goizuetako etxeak

Bisita gidatuentzat erreserbak egiten dira

Nekez ikus daitezke erdi aroko egurrezko etxeak, Itzaiaundi baserriaren antzekoak. Garai hartako guden ondorioz suteetan kiskali ziren. Gaur egun gelditzen diren eraikuntzarik aipagarrienak, beraz, XVI-XVIII. mendeetan eginak dira. Garai hartako burdinolek herriari emandako garapen ekonomikoaren ondare dira. Goizuetako etxe hauek klimari eta biztanleen beharrei emandako erantzun bikain eta ederra dira, kalitate handikoak, Europako etxe onenen artean daudenak.

Hiriguneak egitura berezia erakusten du. Aipa daiteke, besteak beste, etxe gehienak eguzki aldera eginak daudela. Elkarren artean kortasu paretaz eta estarta estuz banatuak daude, honela suteei aurre egiteko. Kaleak estuak dira eta plazak zabalak. Aipagarriak dira, baita ere, fatxadek eta teilatu-hegalek duten irteera edo boladizoa. Etxe hauez gain, badira beste etxe handiago batzuk, bakartiak eta balore handikoak.

Ondorengo triptiko honen bitartez, beraz, Goizuetako ondare arkitektoniko baliotsua zehaztasunez ezagutzen eta aztertzen lagundu nahi dizugu. Aipatu nahi dugu, era berean, etxeen izenak bertan erabiltzen ditugun moduan jaso eta eman ditugula. Izen hauen aldaera normalizatua ezagutu nahi izanez gero, bada horretarako aukera: alde batetik Goizuetako Udalak argitaratutako mapa duzu, eta bestetik, Nafarroako Gobernuak toponimiaren inguruan argitaratutako liburu saileko "Goizueta eta Arano" alea.

 

Goizuetako etxeak triptikoa