Goizuetan daukagun eskaintza kulturala aztertzea eta hobetzea du helburua ekitaldien bildumak.
Udalak 2016 hasieran jarri zuen martxan ekitaldien bilduma. Ekimen honen helburua Goizuetan dugun kultura eskaintza zein den aztertzea eta hausnartzea da. Horretarako, 2016an zehar herrian antolatu diren ekitaldien balorazio orriak bildu ditu udalak antolatzaileen eskutik. Balorazio hauek udal artxiboan erregistraturik geldituko dira. Baina horretaz gain, ostiralean, herriko eragileak eta hainbat herritar udaletxeko batzar aretoan elkartu ziren eta 2016ko ekitaldien errepasoa egin zuten. Ze kultur eskaintza dugun aztertzeaz gain, eskaintza hori nola hobetu aztertu zuten. Herritarrek beren proposamenak egiteko aukera izan zuten eta udalak, ateratako ekarpenak jaso zituen. Hala ere, herritar guztiengana iritsi eta beraien iritzia eta proposamenak jasotzeko, inkesta jarri dugu martxan www.goizueta.eus webgunean. Apirilaren 2 arte egongo da inkesta erantzuteko aukera.
2016an 70 ekitaldi erregistratu dira eta udalaren asmoa, aurrera begira ere ekitaldiak erregistratzen jarraitzea da. Ekimenen bat antolatzen duten eragile eta norbanakoentzat www.goizueta.eus webgunean dago ekitaldien bilduma orria eskuragarri bete eta udaletxera bideratzeko.