2022/03/14

Medikuaren etxea saldu eta lortutako diruarekin 4 etxebizitza eraberritzeko asmoa du Udalak

Horrela herriko alokairu eskaerari erantzuna eman nahi zaio.

Martxoaren 11n egindako Herri Batzarrean eman zuen udal taldeak erabakiaren berri. Duela urtebete inguru egindako batzarren udalak bere eskura dituen eraikinei irtenbidea emateko proposamen desberdinak aurkeztu zituen, Medikuaren etxea, Ikastola gaineko bi etxebizitza eta Ospitalarekin zer egin erabakitzeko. Segidan herritarren artean inkesta bat pasa zen, dauden beharrak eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko, eta behin hauek eskuetan izanda, proposamena findu du Udalak, herritarrei aurkeztu eta martxan jartzeko.

 

Inkesten emaitzak

Inkesten emaitzek argi erakusten dute herritarrek herrian bizitzeko (erosita edo alokairuan) nahia dutela, gehienek bost urteko epearen barruan. Herriko etxebizitzak ez saltzeko arrazoiei buruz galdetuta, gehienek prezioa eta etxeen egoera kaxkarra aipatzen dituzte. Inkestatuen zati handi batek alokatzeko asmoa erakutsi du, modu librean nahiz sozialean. Datu guzti hauei gehitu behar zaie, azken hilabeteetan nabarmen hazi izana alokatzeko etxebizitzen eskaera, eta behar honi erantzuna ezin emanez dabil Udala.

 

Herritarren beharrei erantzuna emateko erabakia

Horregatik, honako erabakia hartu da, eta halaxe aurkeztu zitzaien herritarrei duela hiru asteko batzarrean: Medikuaren etxea saldu egingo da, eta salmenta honetatik lortutako dirua beste eraikin batzuk eraberritzeko erabiliko da; hala nola, Ikastola gaineko bi etxebizitzak eta Azokaren gaineko solairuan prestatuko liratekeen beste bi bizitza. Nafarroako Gobernuak eraikinak eraberritzeko duen diru laguntzak ere beharrezkoak izango dira (%75 gehienez, 60.000 € etxebizitzako).

 

Ospitalarekin zer?

Ospitalak, ordea, ez du hain soluzio erraza. Izan ere, hau konpontzeko dirulaguntzak lortzea ezinbestekoa da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nasuvinsaren dirulaguntzak, Udalaren esfortzuarekin batera, beharrezkoak izango dira bertan egin bahi diren sei etxebizitza intergenerazionalak (adinekoak eta gazteentzat) egiteko.

 

Eraikin partikularrak eraberritzeko laguntzak

Horrez gain, Udalak deialdia egin du eraiki partikularrak zaharberritzeko Nasuvinsak dituen dirulaguntzak eskatzeko. Enbolbentea, leihoak, igogailua...jarri nahi duten partikularrek (eraikin kolektiboek nahiz unifamiliarrak) eska ditzakete laguntza hauek, eta Nasuvinsak kudeatzen ditu lanak. Datozen asteetan bilera monografiko bat egingo da eraikin kolektiboen dirulaguntzen inguruan, Nasuvinsako teknikariak bertan izango direlarik.



Herri lurrak

Etxebizitzaren gaia izan bazen ere batzarreko puntu nagusia, beste hainbat gai ere azaldu ziren. Hala nola, herri lurren gaia azaldu zuen Miranda alkateak. Iralekuen konbenioari buruz esan zuen dagoeneko eginda daudela herrian egin beharreko konbenio gehienak, eta orain komunaletako sailaren esku daudela.

Herri lurren antoalmenduak hurrengo 10 urteetan mendi komunalean egin beharreko lanak zehazten ditu, hala nola, basogintzan, abeltzaintzan edota azpiegituretan. Garbiketei jarraipena emango zaie, itxiturak kentzen joan, azpiegiturak (pistak, askak) hobetu... Aurrerantzean egingo diren landaketak %100ean finantzatuak izaten saiatuko da Udala. Honen baitan, Artikutzako kordaleko inguruko azpiegiturak hobetzeko asmoz Nafar Gobernuak %100ean finantzatuta Ilarbitako pista errepasatuko da, eta Sanpedron eta Haritz-haundin bi aska berri jarriko dira.  

Herri lurren aprobetxamenduaren ordenantzari buruz, gaur egun indarrean dagoena 2010ekoa da, beraz, badu eguneratzeko beharra. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat egingo da datozen asteetan.

 

Uraren hornidura sarea egorea kaxkarrean

Legealdian zehar hainbat konponketa lan egin dira fuga edo ur ihesak konpontzeko eta aldaketa nabari da (lehen orduko 10 m3 galtzen ziren, eta orain 7,5-8 m3 orduko), baina oraindik ere ur asko galtzen da.

Hemendik aurrera ere lanean jarraitu beharko da, deposituan hobekuntzak egin, Santa Maria auzoko sarea berritu, depositutik sarera doan hodia konpondu, legeak eskatzen dituen ur kontadoreak jarri etxeetan eta kontsumoaren baitan kobratzeko ordenantza aldatu esaterako.

 

Turismoari bultzada

Turismoari bultzada emateko, ditugun baliabideak balioan jartzeko apostua egin du Udalak: Artikutza, Ibero, ibilbide megalitikoak... Hauez gain, baliabide berriak azaleratu nahi ditu: ondare arkitektonikoa, ondare inmateriala, ikazkinak, zahagi dantza, pilotaria.... Hontarako lagungarri izango zaigulakoan, Goizueta Plazaola Patzuergo turistikoan sartzeko erabakia hartu du Udalak.

 

Batzarrera bertaratutako herritarrek begi onez ikusi zituzten Udalak orain arte egindakoak eta aurkeztutako proposamenak. Hitz hartu zuten herritarrek mendietako mantenimendua indartu (erreketak...) eta auzolana bultzatzeko beharra adierazi zuten.