2022/07/22

Martxan da Medikuaren Etxean etxebizitzak egiteko prozesua

Udalak eraikinaren kalifikazio juridikoa aldatzea onartu du bertan bi etxebizitza libre eraiki ahal izateko.

Goizuetako Udala Fermin Antonio Apezetxea kaleko 2. zenbakian dagoen Goizuetako 4. poligonoko 148. partzelaren jabea da, urte askoan medikuaren kontsultategira eta udalerriko medikuarentzako etxebizitzara bideratu dena. Gaur egun, medikuaren kontsulta-Osasun etxea udaletxearen beheko solairuan kokatua dago , eta 4. poligonoko 148. partzelako eraikinean, bere narridura egoera dela eta, ez da inolako erabilera edo zerbitzu publikorik emateko erabiltzen, eta ez da aurreikusten etorkizunean udalaren helburuak betetzeko beharrezkoa denik.

Beraz, jabego publikoko ondasun bat da, zerbitzu publiko bati atxikia, nahiz eta ez jakin Udalaren Ondasunen Inbentarion hala agertzen den ala ez.

Udalaren helburuak betetzeko etorkizunean haren beharrik ez dagoenez, eta jabego publikoko ondasun gisa kalifikatzea justifikatzen zuen funtzioa bertan behera utzi denez, Goizuetako Udalak aipatutako hiri-partzela transferitu nahi du, familia bakarreko bi etxebizitza libre eraikitzearen baldintzapean; horretarako, beharrezkoa da kalifikazio juridikoa aldatzea, jabego publikoko ondasunaren kalifikaziotik ondare-ondasunaren kalifikaziora.

Udal arkitekto aholkulariak medikuaren etxe zaharraren balorazio-txostena egin zuen martxoaren 9an, eta ondoren beste bat, martxoaren 18an, eraikinean egin daitekeen etxebizitza motaren arabera, eraikina besterentzeko eta salmentarako aukeren egokitasunari buruzko txostena.

Goizuetako Udaleko idazkariak 2022ko ekainaren 21eko txosten juridikoa egin du.

Udalbatzak, aho batez eta, beraz, kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutua betez, honako hau erabaki du:

1.- Hasiera batez onartzea Goizuetako Fermin Antonio Apezetxea kaleko 2. zenbakian dagoen ondasun higiezinaren kalifikazio juridikoa aldatzea Goizuetako 4. poligonoko 148. hiri-partzela (Medikuaren Etxea eraikina), eta ondare-ondasun gisa kalifikatzea, ondoren besterendu eta familia bakarreko bi etxebizitza libre eraikitzeko.

2.- Espedientea jendaurrean jartzea hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, herritarrek eta interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 103.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.- Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko organo eskudunaren txostena eskatzea, desafekzioaren egokitasunari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 103.1 in fine artikuluarekin bat etorriz.