"2 urte, 4 hilabete eta egun bat" dokumentala ikugai izanen da abenduaren 4an, zuzendari gonbidatuarekin.
Ohi baino beranduxeago, baina urteroko kultur agenda berriz ere martxan da Goizuetan. Herriko kultur taldeak, Euskara Zerbitzua eta Udalaren laguntzarekin, herritarren gustukoak izango diren ekitaldiak finkatu ditu abenduko lehen 3 asteburuetan.
Abenduak 4, ostirala
Hasteko, abenduaren 4an, ostirala, zinemetan egon berri den "BI URTE, LAU HILABETE ETA EGUN BAT" dokumental arrakastatsua izango da ikusgai Udaletxeko Ganbaran, eta bertan izanen da baita ere, Lander Garro, filmaren zuzendaria ere. Dokumental honetan derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa kontatzen da. Hemen trailerra ikusgai:https://youtu.be/FSD9fQtyb4o
Abenduak 12, larunbata
Hurrengo asteburuan, larunbatez, KLOWN IKUSKIZUN eder eta berezia eskainiko digu Pantxika Lamurrek. Umoretik pandemia garaian zaintzak bizitzaren sostengurako zenbaterainoko garrantzia duen islatzea du helburu emanaldiak eta 12 urtetik gorako gaztetxo eta helduentzat prestatua dago. Honen ondoren "ZAINTZA PANDEMIAN" argazki lehiaketako sari banaketa burutuko da. Arratsaldeko 18:00etan izanen da, eskolako frontoian.
Abenduak 18, ostirala
Eta bukatzeko, abenduaren 18an, "LUZE EDO MOTZ" umorezko emankizuna iznago dugu Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik. Aurreko urtean ere herrian izan genituen eta publikoa asebete utzi zuten, beraz,aurtengoa ikusteko gogotsu izanen dira goizuetarrak seguru. Emanaldia Ganbaran izanen da 18:30etan hasita eta bertara sartzeko beharrezkoa izango da sarrera hartua izatea. (Estankoan salgai 5€an, abenduaren 10etik 17ra).
Esan beharrik ez dago, ekitaldi guztietan Covid-19aren zabalkundea saihesteko prebentzio neurri guztiak beteko direla, hala nola, distantziak, aireztapena eta gel hidroalkoholikoaren erabilera.