Goizuetako Goxali liburutegi-ludotekak heldu den astean hasiko du 2021/2022 ikasturtea. Aisialdi-gune honen helburua jolasean aritzeko, harremanak eraikitzeko eta irakurketa zein etxerako lanak egiteko espazioa eskaintzea da.
Hiru eta hamalau urte bitarteko haur eta gaztetxoen sozializazio eta aisialdi osasungarria sustatzearekin bat, autonomia, kritikotasuna, sormena, talde lana, ardura, integrazioa eta bestelako gaitasunak lantzeko bitartekoak eskainiko ditu. Zerbitzua doakoa da eta ludoteka zerbitzuaz gain, jolasak, tailerrak eta eskola-laguntza ere izanen dute.
Ludoteka eta jolas-tailerrak
Haur Hezkuntzakoentzat astearteetan 17:00etatik 18:00etara eta Lehen Hezkuntzakoentzat 18:00etatik 19:00etara ludoteka zerbitzua izanen da; ostiraletan, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzat.
Jolasak eta tailerrak hilabeteko azken ostegunetan eginen dituzte, 17:00etatik 18:00etara; zehazki honako egunetan: urriaren 28an, azaroaren 25ean, abenduaren 16an, urtarrilaren 27an, otsailaren 24an, martxoaren 24an, apirilaren 28an eta maiatzaren 26an.
Liburutegi ibiltaria ere martxan
Goxaliko ikasturtearekin batera Liburutegi Ibiltaria ere martxan jarriko da aurten ere. Liburuzain berria bihar, irailak 30, 14:30etatik 15:30etara etorriko da Goxalira liburuz kargatuta. Aurretik liburuak eskatzeko 617385882 zenbakira whatsapp bidez idatzi behar da edo biblilei@navarra.es helbidera emaila bidali.
Goxaliko informazio zehaztua hurrengo estekan: