2026/08/11

Goizuetako Xalto Ikastetxeak IkasNova gela izango du datorren ikasturtetik aurrera

Goizuetako Udalak Nafarroako Gobernuaren 18.842,92 euroko dirulaguntza jaso du espazioa egokitzeko, eta obrak abuztuan hasiko dira.

Goizuetako Xalto Ikastetxeak IkasNova gela berria izango du datorren ikasturtetik aurrera. Espazio berriaren egokitzapena Goizuetako eskolaren eskaera izan da, eta ikasleen ikaskuntza-prozesua berritzeko eta hezkuntza-berrikuntza sustatzeko helburuarekin sortu da.

IkasNova gelaren helburu nagusia ikasleak beren ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzea da. Horretarako, sorkuntza, esperimentazioa eta lankidetza oinarri izango dituen ikaskuntza-eredua sustatuko da, ikasleen autonomia, parte-hartze aktiboa eta sormena indartuz.

Era berean, espazio berriak komunikazio- eta konpetentzia digitalak garatzeko aukera emango du, teknologia ikaskuntzarako beste baliabide pedagogiko bat bezala txertatuz. Pentsamendu kritikoa, hausnarketa eta ebaluazio-gaitasuna ere landuko dira, ikasleen garapen integrala bultzatuz.

IkasNova gelak, beraz, ikaskuntza-espazio berritzaile, malgu eta inklusiboa eskainiko dio Xalto Ikastetxeari, ikasleen behar eta erritmo desberdinei erantzuteko eta hezkuntza-komunitatearen lankidetza sustatzeko.

Obren xehetasunak

Goizuetako Udalak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deitutako dirulaguntza lortu du IkasNova gela egokitzeko. Guztira, 18.842,92 euroko laguntza jaso du, eta espazioa egokitzeko aurrekontua 42.409 eurokoa da.

Egokitzapen-lanak Zabala Eraikuntza enpresari esleitu zaizkio. Obrak abuztuan hasiko dira, eta lanak urriaren 7rako amaituta egotea aurreikusten da. Gela berri hau, gaur egun liburutegia eta ordenagailu gela kokatzen diren espazioan kokatuko da. Lanak bukatu ondoren, espazio ireki eta zabalago bat lortuko da.

Ekimen honekin, Goizuetako Udalak eta Xalto Ikastetxeak hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua egiten dute, ikasleei gaur egungo erronkei aurre egiteko behar dituzten gaitasunak garatzeko aukera emango dien espazio bat sortuz.