2026/08/11

Goizuetako Udalak Eskola Zaharren eraikina erabat birgaituko du, bi etxebizitza sozial eta komunitate-gune berriak sortzeko

Proiektuak 282.941,95 euroko dirulaguntza jaso du despopulazioari aurre egiteko, eta beste 120.000 euroko laguntza du Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Departamentutik. Lanak irailean hasiko dira eta 2027ko uztailean amaitzea aurreikusten da.

Goizuetako Udalak Eskola Zaharren eraikina erabat zaharberritzeko lanak jarriko ditu martxan irailean. Jarduketaren helburua eraikinari erabilera berriak ematea da, eta aldi berean etxebizitza eskuragarria, irisgarritasuna eta herritarren arteko elkarlana sustatuko dituen espazio bat sortzea.

Proiektuak 282.941,95 euroko dirulaguntza jaso du Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko deitutako laguntza-programaren barruan. Horrez gain, Udalak 120.000 euroko dirulaguntza du Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Departamentutik, babestutako birgaitzerako. Horrela, proiektuaren kostuaren zati handi bat Nafarroako Gobernuaren laguntzen bidez finantzatuko da.

Bi etxebizitza eskuragarri eta udal-espazio berrituak

Lanak bukatutakoan, eraikinean alokairu eskuragarrira bideratutako bi etxebizitza sortuko dira. Era berean, beheko solairua irisgarri egiteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta eraikinaren erabilgarritasuna eta erosotasuna hobetuko dira.

Udalak dituen bi lokalak ere egokituko dira. Dantzatako lokalean komun irisgarria jarriko da eta klimatizazioa hobetzeko ekipamendu berriak instalatuko dira.

Goinarri, herritarren erabilerarako komunitate-gunea

Proiektuaren atal nagusietako bat gaur egun Guraso Elkarteak erabiltzen duen lokalean egingo den egokitzapena izango da. Espazio hau Goinarri proiektuaren kokalekua izango da, bertan, ludoteka, liburutegia, ikasteko eta lanerako gelak sortuko dira.

Lokal horren kudeaketa irekia eta komunitarioa izango da. Goinarri, Guraso Elkartea, eskolak eta herriko beste eragile batzuek ere parte hartuko dute, herritarren behar sozial, kultural eta aisialdikoenei erantzuteko eta herriko komunitate-bizitza indartzeko.

2026ko irailean hasiko dira lanak

Goizuetako Udalak lanak esleitzeko egindako prozeduran, Jose Etxabe Eraikuntza izan da enpresa irabazlea. Obrak 2026ko irailean hastea aurreikusten da, eta 2027ko uztailean amaitzea.

Udalaren arabera, proiektuak herriaren etorkizunerako estrategikoak diren hainbat helburu uztartzen ditu: alokairuko etxebizitza eskaintza publikoa sustatzea, despopulazioari aurre egitea, eraikin publikoak berritzea eta herritarren arteko harremanak eta komunitate-bizitza indartzea.

Eskola Zaharren birgaitzearekin, Goizuetako Udalak eraikinari bizitza berria eman eta herritarren beharrei erantzungo dien espazio anitza eta komunitarioa sortuko du. Proiektuak, beraz, eraikina berritzea baino harago, herrian bizitzeko eta elkarbizitzeko aukera berriak sortzea du helburu.