2020/04/23

Goizuetako Udalak eskaera egin du autokontsumoko baratzeetako lanak baimentzeko

Aste honetan finkatu diren jarraibide murriztaileek asko zailtzen dute baratzan lan egin ahal izatea. Horregatik jarduera hauek baimendu eta arautzeko eskaera gutuna luzatu dio, besteak beste, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamenduari.

Asteartean, apirilak 21, iritsitako baratzeetako joan-etorriei buruzko jarraibideek ia ezinezko egiten dute baratzean lan egitea, izan ere, arau orokor bezala ezin dela baratzara joan adierazten dute eta joan behar izanez gero, bildu beharreko baratzako produktuak biziraupenerako ezinbestekoak izan behar dutela zehazten du.

Honekin ikusten da COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren neurriak, kasu askotan, ikuspegi urbanozentriko batekin garatzen direla, landa-eremuen errealitateari, jarduerari eta kontsumo arduratsu eta osasungarria sustatzeari erreparatu gabe.

Horregatik, Goizuetako Udalak, beste zenbait Udalekin batera,  eskaera gutun bat bidali die Espainiako Gobernuko ordezkaritzari, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamenduari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, eskatuz autokontsumorako baratzeetan nekazaritza-jarduera baimendu eta arautu dezatela, gaur egun ezartzen diren murrizketarik gabe, eta beharrezko segurtasun neurriak betez.

Hemen irakurri dezakezue gutuna: