Goizuetarentzat, denon artean sortutako txoko berri bat
2024an, hainbat herritarrek gure herrian ikasteko, irakurtzeko, lan egiteko eta elkartzeko espazio baten falta sentitu genuen. Behar hori ez zen gutxi batzuena bakarrik, firma bilketa baten bidez, argi geratu baitzen goizuetar askoren nahia zela. Ideia honek udaletxera eraman gintuen eta Cedernaren laguntzaz PDR dirulaguntza eskuratu dugu (50.000 euro ingurukoa) lehen urrats sendoak emateko.
Hasieran, liburutegi baten ideia soil batek piztu zuen txinparta. Baina ideiak, haziak bezala, hazten hasten dira… eta hala, proiektua pixkanaka borobiltzen eta aberasten joan da.
Horregatik, gaur egun, askoz gehiago da: Goizuetarentzat oinarri bihur daitekeen txoko bat eraikiko dugu. Ez da soilik ikasteko leku bat izango: haur, gazte zein helduentzako topagune bizia izango da; bakoitzaren jakintza eta ezagutzak partekatzeko, ideiak gurutzatzeko eta proiektu konpartituak aurrera eramateko gunea. Aldi berean, herriak duen kultura eta historia aberatsa (burdinolak, meatzaritza, txondorra, inauteriak, hizkuntza, ingurunea, etab.) belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta herriaren izena harrotasunez zabaltzeko espazioa ere izango da.
Baina hau guztia hasiera besterik ez da. Lehen hazia landatu dugu eta orain, guztion artean ureztatu, zaindu eta loratuko dugu.
Goizuetak badu indarra, nortasuna eta komunitatea eta espazio hau izango da hori guztia elikatzeko lur emankorra. Guztiontzat izango den ikasteko, irakurtzeko, sortzeko, partekatzeko eta herri gisa hazteko lekua.
Zatoz eta parte hartu. Zure ekarpena da benetan proiektu hau berezi bihurtuko duena!