Irazoqui, Urquiola, Goicoechea, Echenique, Echeverria… Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?
Eskualdeko euskara zerbitzuek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (UEMA) elkarlanean, abizenak euskal grafiarekin jartzeko kanpaina abian jarri dute, Euskaraz naiz leloarekin, eta herritarrak animatzen dituzte beren abizenak zuzentzeko urratsa egin dezaten.
Bereziki dei egiten diete guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik behera seme-alabak dituztenei. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.
Zer egin behar da abizenak euskal grafiaz paratzeko?
Hiru urrats erraz hauek eman behar dira:
1. Joan bizi zaren herriko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira eta esan abizenak euskaraz jarri nahi dituzula.
2. Eraman agiri hauek:
3. Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
Tramitazioa bukatu ondotik NANa eta gainerako dokumentazioa berritu ahalko duzu. Gogoan izan izena aldatzeko egin beharreko urratsak beste batzuk direla.
Nola idazten da zure abizena euskaraz?
Normalean abizena aldatzeko eskaera egiten den bake epaitegiko edo erregistro zibileko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta eta horko irizpideei jarraituko die. Baina ez da beti horrela: adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Muxika, Mujika…). Zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindian bertan egin dezake kontsulta. Webgunean sartuz gero (euskaltzaindia.eus), hizkuntza baliabideen atalean klikatu eta deituren atalera jo behar da.