2019/02/13

Euskara ikasteko taldea azaro ezkeroztik martxan da

2007-2008 ikasturteaz geroztik, aurten sortu da berriro ere euskara ikasteko taldea Goizuetan.

Nafarroa Iparraldeko Euskara Mankomunitateak kudeatzen ditu eskualdeko herrietan euskara taldeak sortzea. Horretarako, noski, baldintza jakin batzuk bete behar dira eta horien artean dago, gutxieneko ikasle kopuru bat izatea taldea aurrera ateratzeko.
 
Azken urteetan, Goizuetan baziren euskara ikasteko interesa zuten batzuk. Baina taldea osatzera iritsi gabe. Iaz, herrietako errealitateak aztertu eta gabezi hauei erantzuna emateko asmoz, Euskara Mankomunitateak euskara taldeak sortzeko ikasle kopuruaren baldintza aldatu zuen, 1000 biztanlez azpiko herrietan, 5 ikasle ordez, 3 ikaslera jeitsiz. Aldaketa honen ondorioz, 2018-2019an lortu da berriro ere Goizuetan euskara taldea sortzea.
 
7 ikasle dabiltza azaro ezkeroztik euskara klaseak jasotzen. 6 ikasle 1. urratsean eta ikasle bat autoikaskuntza bidez B1 mailan.
 
Historiari erreparatzen badiogu, 2007-2008 ikasturtean 5 ikasleko talde bat egon zen, euskaltegiko 5. urratsean, hau da, A2 ateratzeko lehen urtea. 2006-2007 ikasturtean, berriz, 3 talde atera ziren. Talde bat 1. urratsean, beste bat 4. urratsean eta bestea EGA titulua ateratzeko.