2026/06/21

Etxebizitza hutsen gaineko zerga

Goizuetako udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza onartu du.

Goizuetan etxebizitza eskaintza eskasaren ondorioz, geroz eta gehiago dira herritik beste lekuetara joatera behartuak dauden herritarrak. Etxebizitza oinarrizko eskubide bat izanik, udala azken urteetan sekulako ahalegina egiten ari da egoera bideratzeko, eta bertan bizi nahi duenak bertan bizitzeko aukera edukitzeko. 2027ko urte hasierarako sei etxebizitza eskainiko dira alokairu publikoan, eta beste bi etxebizitza bideratzeko aukera bat ere badago. Udalak lur zorua eskuratzeko urratsak emanak ditu bertan kooperatiba baten bidez beste 18 etxebizitza berri eraikitzeko ere. 

Baina ez da nahikoa, eta gurea ez da kasu isolatu bat, Euskal Herri osoan antzeko egoerak bizi dituzte. Horregatik, Nafarroako Udal eta Kontzeju Federazioak (NUKF), Nafarroako udal guztiei etxebizitza hutsen inguruko ordenantza eredu bat helarazi die eta beste hainbat herrietan bezala, ordenantza hau onartu du Goizuetako udalak. Honen baitan, Nafarroako etxebizitza hutsen zentsoan dauden etxebizitzen jabeei zerga berezi bat ezarriko zaie. Zentsoa egitearen ardura Nafarroako gobernuarena da.

Dena dela, gurean badaude, epe laburrean bete daitezkeen etxebizitzak, hauek eraberritzeko diru laguntzak ere eskatu daitezke, eta Nasuvinsaren bidez alokairua bideratu daiteke. Gai hauen informazio gehiago hemen https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/

Neurri honen helburu nagusia hutsak dauden etxebizitzak herritarrez betetzea da, etxebizitza benetan eskubide bat izateko, despopulazioari aurre egiteko, eta azken finean Goizuetan bizi nahi duenak bertan bizitzeko aukera edukitzeko.