Hainbat herritar batu dira azaroaren 25rako deitutako mobilizaziora
Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna izendatu zen 1999an. Egun hori Mirabal ahizpen hilketa oroitzeko aukeratu zen. Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren eta 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen poliziak bortizki hil zituen. Urte horretatik aurrera, emakumeen talde eta mugimendu feministak data hori hartu zuen emakumeenganako indarkeria sexistaren aurkako egun bezala.
Goizuetan ere emakume talde bat elkartzen hasia da, eta honen baitan gaurko egunerako mobilizazio polita prestatua zuten. Herriko hainbat txoko more koloreko globoekin apaindu dituzte goizean goizetik eta arratsaldean, globo hauek bilduz, kalejira egin dute herrian barna. More koloreko arropak jantzita, argazkia atera dute bertaratutakoek. Plaza musikarekin girotuta egon da.
Hemendik aurerra ere ekintza gehiago antolatzeko asmotan omen dira, autodefentsa feministako formakuntza, besteak beste. Talde irekia da, eta bertan parte hartu nahi duten emakume guztiak besozabalik hartuko dira.
Bestalde, Udalak EH Bilduk proposatutako adierazpena onartu zuen joan den azaroaren 19ko ez ohiko batzarrean.
Ikusten den bezala, Goizuetan emakumeak antolatzen ari dira eta argi dute indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia izango dutela.