2020/04/21

[Covid-19] Baratzeetarako joan-etorriei buruzko jarraibideak

Gobernuaren ordezkaritzak jarraibide berriak helarazi ditu eta baratzako produktuek biziraupenekoak izan behar dutela azpimarratu du.

Herritar asko kezkatuta azaldu dira baratzeetan lan egitea baimenduta dagoen ala ez jakin nahi zutelako. Izan ere, orain arte alarma egoerako Errege Dekretuak ez zuen zehazten baratzari buruzko ia ezer. Erkidego bakoitzak bere baldintzak jarri ditu eta Nafarroan, orain arte, fruitua biltzeko eta oinarrizko mantentze-lanak egiteko baimena baino ez zen ematen. 

Gaur, apirilaren 21ean, Nafarroako Udal Eta Kontzejuen Federazioak, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren jarraibideei men eginez, baratzeetara joateko aukeraren eta baldintzen inguruko ondorengo informazioa helarazi dio Goizuetako Udalari. Honako hau dio: 

Barne Ministeriotik autokontsumorako baratzeetarako lekualdatzeei buruz jasotako jarraibide berrien arabera, oro har, lekualdatze hori ez dago baimenduta; salbuespen gisa, 463/2020 Errege Dekretuaren 7.1.g) artikuluan jasotako beharrizan-egoeran sartuta dagoela ulertuko da, baldin eta, interesdunaren egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta, produktua kontsumitzea biziraupenerako ezinbestekoa bada.

 Baratzeetako joan etorriek herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko emandako arauak beteko dituzte, betiere honako hauek kontuan hartuta:

1.- Ohiko bizilekutik baratzera dagoen distantziak ahalik eta txikiena izan beharko du, eta udalerrian bertan edo bizilekuaren mugakide den tokian egon beharko du.

2.- Desplazamendua eta jarduera banaka egin beharko dira, aldameneko finka edo lurzatietan lan berdinak egiten ari diren beste pertsona batzuekin elkarreragin gabe.

3.- Nekazaritza-lanak egiteko behar-beharrezkoa den denbora emango da, ahalik eta ordu gutxien, eta jarduera astean gehienez 2 egunetara mugatuko da.

4.- Ez dago baimenduta bigarren egoitzetako edo aisialdiko baratzeetara joatea.

5.- Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek baratzearen titulartasuna edo ustiapen-eskubidea egiaztatzeko eskatu ahal izango dute, bai eta egiten ari diren nekazaritza-lanei buruzko informazioa eskatu ere.

 

Jatorrizko oharra hemen irakurgai: