Hitzarmena berritu du suhiltzaile boluntarioen taldeak dituzten Bera, Isaba, Lesaka, Agoitz, Leitza eta Luzaide eta Goizuetako udalekin
Nafarroako Gobernuak eta tokiko suhiltzaile boluntarioen elkarteak dituzten zazpi udalek, tartean Bera, Goizueta, Leitza eta Lesakakoek, lankidetza hitzarmena berritu dute babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloan, batez ere suteen prebentzio eta itzalketaren eta salbamenduaren arloan. Sinadura Nafarroako Jauregian egin dute asteazken goizean.
Nafarroako Gobernuaren aldetik, Amparo López Barne zuzendari nagusia, José Javier Boulandier Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria eta Francisco Javier Baldanta Suhiltzaile Zerbitzuko zuzendaria izan dira. Udalen aldetik honako hauek joan dira Iruñera: Berako alkatea, Aitor Elexpuru; Lesakako alkatea, Ladis Satrustegi; Leitzako alkatea, Mikel Zabaleta; Goizuetako alkatea, Unai Miranda; Agoitzko alkatea, Angel Martín; Izabako alkateordea, Carlos Anaut eta Luzaideko alkatea, Nicolas Camino.
Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 203.000 euroko laguntza ekonomikoa emanen die udal horietako suhiltzaile boluntarioei, eta laguntza teknikoa eta prestakuntza espezifikoa emanen die.
Era berean, hitzarmenaren helburuen artean dago pertsonen eta ondasunen babes -eta segurtasun- mailak handitzea; era guztietako larrialdiak prebenitzeko ekintzak sustatzea, aurreikus daitezkeen arriskuetarako gailuetan parte hartzea, baita suteak itzaltzeko eta hainbat gertakaritan salbatzeko ekintzak eta larrialdi-egoerak arintzeko babes zibileko beste jarduketa batzuk ere.
Larrialdi egoeretan behar bezala esku hartzeko beharrezkoak diren jarduketak adostea ere bere barnean hartzen du hitzarmenak, Babes Zibilari eta Nafarroako Larrialdietako Laguntzari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Larrialdietako Plan Orokorrarekin bat.
Udalak dira herritarrengandik hurbilen dagoen Administrazio gisa larrialdiko egoera bati aurre egiteko oinarria eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuari buruzko Foru Legeak babes zibilerako eskumena aitortzen die udalerriei, baita udalerrian boluntarioek babes zibilerako ekimenak bideratu eta antolatzeko ardura ere. Horrenbestez, sinatu zuten udalek suhiltzaile boluntarioen tokiko elkarteak sortu zituzten.