2017/02/09

Iberoko dorrea konpontzeko 450.000€ko inbertsioa eginen du Nafar Gobernuak

Nafar Gobernuko Kultura Zuzendaria den Fernando Perez Gomezek gaur Leitza eta Goizuetara egindako bisitan aditzera eman du Nafar Gobernuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000€ko inbertsioa eginen duela 2017an.

Atzoko parlamentuko bisitari, gaur, otsailak 9, osteguna, Fernando Pérez Gómez Nafar Gobernuko Kultura Zuzendariak egindakoa gehitu behar zaio. Kultura Zuzendaria Iberon egon da VI. Mendean eraiki zen burdinolaren gaur egungo egoera ezagutzen.

Gogoratu behar da, 2006 urtean teilatua erori zen geroztik, asko hondatu dela eraikina.

Bisita aprobetxatuz, Leitza eta Goizuetako udalek, Iñaki Sagredo arkeologoak Iberori buruz egindako txostena entregatu diote Fernando Perez zuzendariari.

Oso garrantzitsua bi udalentzat Erdi-Aroko burdinolak dituen arazoei irtenbidea ematea eta ondare garrantzitsu hau zaintzea. Horregatik, auzolanean aritu dira bi herrietako ordezkariak, Iñaki Sagredorekin batera, txostenak prestatu, bisitak lotu eta gaia lantzen.

Bisitaren balorazio oso positiboa egiten dute. Atzoko eta gaurko hitzorduen helburuak ziren Iberoko ondarea ezagutaraztea, dorrearen hondatze maila eta gaur egun duen egoera aditzen ematea, eta berau konpontzeko laguntza eskatzea Nafar Gobernuari.

Helburu horiek hein handi batean beteta ikusten dituzte Leitza zein Goizuetako Udalek, izan ere, Kultura Zuzendariak aditzera eman duenez Nafar Gobernuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000€ko inbertsioa eginen du 2017an. Diru horrekin eraikina bere osotasunean konponduko da.

Lanak eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean eginen dira, hala nola, teilatua konpondu, hormak berritu eta indartu. Gainera, Iberoko burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean.

Iberon zonaldeko historiaren zati bat eta altxor handi bat dago. Mende askotan inguruko ekonomiarentzat garrantzitsua izan zen burdinola. Eta etorkizunean ere, hala nahiko genuke izatea. Iberoko dorrea eta inguruek ezaugarri bikainak dituzte eskualdearen garapena eta turismo jasangarria bultzatzeko.