2023/05/21

Hernanirako bidea irekita dago, txandakako pasabidearekin

Larunbat goizaldeko euri jasek kalte handiak eragin dituzte errepidean

***Albiste eguneratua*** Goizueta-Hernani errepidea igande gaueko 22:00etan ireki da, 2 puntutan paso alternatiboa egongo delarik

Denbora batez gogoan izango dugu goizuetarrok 2023ko maiatzaren 20ko goizaldea. Izugarrizko trumoi-tximistak entzun ahal izan ziren ordu luzez eta euri zaparrada indartsuak bota zituen modu oso lokalizatuan. Esaterako, Goizuetan 30 bat litro eskas bota bazituen, Añarbeko presan 253 l/m2 pilatu ziren . 

Aranoko kaxeta inguruan eragin ditu kalte handienak, eta ondorioz, NA-4150 errepidea itxita dago larunbat goizetik. Egoera hobetu bada ere, kalteak uste baino handiagoak direla ikusi da. Besteak beste, errepide zati batzuk hondatu eta hautsi dituzte luiziek. Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldeko langileek aste batzutako lana izango dute, luiziak kendu eta errepidea konpontzeko. 

Esan bezala, momentu honetan NA-4150 errepidea itxita dago Hernani aldera baina astelehen goizerako txandakako pasabidea irekitzea aurreikusten da. Edozein modutara, bidea irekitzen dutenean Goizuetako Udalak abisua pasako du bere sareen bidez (whatsapp, Web orria,Facebook...)

Bide batez, Goizuetako Udalak elkartasun osoa adierazi nahi die Aranoko herriari eta kalteak izan dituzten bizilagun guztiei.