2017/10/31

“Goizuetan lan eta bizi”

Dinamikaren helburua herrian bizi eta lan egin nahi dutenei beste lekuetako esperientziak erakustea da, besteengandik ikastea eta ikustea herri txikietan negozio txikiak martxan jartzea posible dela.

Nondik sortu da “Goizuetan lan eta bizi” dinamika?

Etxebizitza Batzordeak sortu zuen etxebizitza eta lokalei buruzko inkestan, etxebizitza gaia lantzeaz gain, “Nola hobetu Goizueta bizileku bezala?” gaia ere lantzen zen. Atal honek, bereziki, lau alorren inguruan proposamenak egiteko aukera ematen zien herritarrei: lana, errepidea, etxebizitza eta zerbitzuak. Emaitzetan batez ere herrian lan falta zegoela azpimarratzen zen. Udalak, gabezi honi erantzuna emateko asmoz, herritarrei erraztasunak eman nahi dizkie beraien negozio propioak sortzera animatzeko eta horri hasiera emateko, zer hobeto beste esperientzietatik ikastea baino?

Zer da “Goizuetan lan eta bizi” dinamika?

Goizuetako Udala eta Cederna-Garalur-ek elkarlanean sortu duten dinamika da “Goizuetan lan eta bizi”. Urte osoan zehar noizean behin egingo diren hitzaldi eta mahai inguru saio ezberdinek osatzen dute dinamika hau eta helburua, beste esperientzia batzuetatik ikastea izango da. Beste leku batzuetan sortu dituzten negozio, dinamika, enpresa, kooperatiba, lanketa, proiektu... ezberdinak ekarriko ditugu herrira, beraiek kontatzen digutenetik ikasi, ideia hartu eta guk gureak herrian martxan jartzeko.

Noiz dugu lehenengo zita?

Lehenengo zita azaroaren 7an izango dugu, asteartea, arratsaldeko 6:30etan udaletxeko ganbaran. Hitzaldi honetara bi esperientzia desberdin ekarriko ditugu. Bata, herrikoa bertakoa izango da, “Maingenea” arrautza eta betizu-haragi ekologikoa. Bestea, Basaburuako “Ernaitzu kooperatiba” izango da. Biek ere beraien esperientziak kontatuko dituzte: zer negozio duten, nola hartu zuten negozioa martxan jartzeko erabakia, zergatik, nola izan den prozesua, zein den enpresaren ibilbidea, nola ikusten duten herri txikien etorkizuna...