2020/05/13

Iriartenea eraikineko egokitze lanak bukatuta, auzolanean txukuntzeko prest

Lanak abendutik martxora bitartean egin dira eta 50.000€ dirulaguntza jaso dute.

Bukatuak dira Iriartenea eraikineko barruko lan handienak, eta hemendik aurrera, egoerak hala baimentzen duenean, auzolanean bukatu beharko da txukundu eta margotzez. 

1555eko eraikin hau, Donostiako dantza-leku ezagun baten izenari zor, Tifanitxo (edo Zentroa) bezala ezagutzen dute askok, 1970etik aurrera beheko solairuan dantza egiten zelako. 1995etik aurrera, berriz, gaztetxe bezala egin da ezagun, beheko solairua taberna eta lehen solairua Gazte Asanbladaren elkargunea izan baita urte luzez. Hemendik aurrera ere, herriko hainbat eragilek erabilera emateko moduan izango da. Izan ere, eraikinaren egoerak okerrera egin zuela ta, Udalak lau hormak eta teilatua berritu zizkion duela lau urte eta aurten, abendutik martxora bitartean, eraikina barrutik egokitzeko lanak egin zaizkio, azken txukunketen esperoan utziz. 

Azken lan hauek 157.697,55 (BEZ barne) euroko kostua izan dute, eta Nafar Gobernua eta Feader (Fondo Europeo de Desarrollo Rural. Europa invierte en zonas rurales)ek finantziatu dute, 50.000€ko dirulaguntzarekin

Esan behar da, lan hauek aprobetxatuz, lehen pilotarien aldagelak ziren txokoan, komun publikoa egin dela, aspalditik zetorren herritarren eskaerari erantzunez.

Hemendik aurrera azken lanak egitea faltako da. Argiteriaz Udala arduratuko da, eta Covid-19ak sortutako alarma egoera bukatzen denean, auzolanean margotu eta txukuntzeko moduan izango da, eraikin honen erabilera publiko eta herritarrarekin jarraitu ahal izateko.