2017/02/20

Goizueta eta Aranoko emakume helduentzako tailerra

Berdintasun Batzordeak 60 urte baino gehiagoko emakumeei zuzendutako ahalduntze tailerra antolatu du.

Garaiak, testuinguru geografiko eta historikoak zehaztu du emakume izatea zer den. Hori dela eta, emakumeek bete behar duten papera ez da berdina izan lehen eta orain, hots, denboran aldatzen doan zerbait da.

Landa eremuan jaio izanak, aldi berean, emakumeen identitatea markatu du. Goizueta eta Aranoko emakumeak etxeko eta baserriko lanetan jardun dira, seme-alabak hazi eta hezi dituzte, gurasoak zaindu dituzte, eta orain ilobak zaintzea tokatu zaie. Hortaz, emakume belaunaldi hori, zaintza lanetan gehien aritu den belaunaldia da.

Hala ere, emakume gehienek ez diote inoiz guzti horri erreparatu, eta ez dakite beraien bizitzan emakume izateak zer abantaila eta zer desabantaila izan dituen. Ez dakite ezta ere, zer zerikusi duen emakume izateak beraien bizimoduarekin, egoera fisiko eta emozionalarekin. Hori dela eta, esandako guztia oinarritzat hartuz, ikastaro honen helburu nagusia da Arano eta Goizuetako emakumeen bizitza eta gaur eguneko egoera genero ikuspegitik aztertzea beraien ongizatea bultzatzeko asmoz.

Bi orduko lau saio egiten ari dira. Ikastaroan emakumeak izango dira protagonista, eta beraien esperientziatik aterako dira ondorio nagusiak.

Besteen artean hauek izanen dira landuko diren edukiak:

-Nola heldu gara garen emakumeak izatera?

-Eta emakumea izanen ez banintz? Hainbat arlo aztertuko dira:

  • Familia, zaintza
  • Osasuna
  • Emozioak

-Gozatzeko ordua iritsi zaigu: Norbere ongizatea bilatzeko eskubidearen aldarrikapena:

  • Ezetz esaten ikasi
  • Errudun sentsazioari aurre egin
  • Eman eta jasotzen duguna alderatu
  • Asetzen gaituena eta min ematen diguna ezberdindu
  • Gure burua maitatu

-Azkeneko saioan biomugimenduari esker emozioak landuko dira.

 

Oharra: 60 urteak jarri ditugu muga bezala (helduentzat zela aurreikusita zegoelako), baina ez dugu nahi baztertzailea izatea, neurri batean baina 58 urteko emakume batek ere parte hartu ahalko zuen.

 

EMAKUME HELDUAK: HELDU DA GOZATZEKO ORDUA!

Inkesta

Turismoa

Egutegia

Dokumentuak