2023/02/04

Alokairuko eta salmentako etxebizitzen beharra ezagutzeko galdetegia betetzeko eskatu du Udalak

Galdetegia etxe guztietara iritsi da aste honetan eta otsailaren 13a baino lehen entregatu beharko da Udaletxean

 

Goizuetako Udalak, Nasuvinsarekin lankidetzan, galdetegi bat prestatu du goizuetarrek dituzten etxebizitza beharrak ezagutzeko.


Nasuvinsa sozietate publikoak hutsik dauden etxebizitzen alokairurako eta erosketarako poltsa kudeatzen du, eta garrantzitsua ikusten du Goizuetako beharrak ezagutzea, Babes Ofizialeko Etxebizitza eskaintza diseinatzen laguntzeko eta alokairuaren eta erosketaren premia gero eta handiagoari erantzuteko

 

Etxe bakoitzera galdetegi bat (bi kopia) iritsi da eta test moduko sei galdera erantzun beharko dira (erantzunetatik bat aukeratu):

  1. Sexua
  2. Adin tartea
  3. Alokairuan zenbat gelako etxebizitza nahi zenukeen
  4. Erosteko zenbat gelako etxebizitza nahiko zenukeen
  5. Urtean zenbateko errenta daukazun
  6. Etxebizitza zertarako nahiko zenukeen.

Galdetegiarekin batera, alokairu sozialerako edo Babes Ofizialeko Etxebizitzetarako indarrean dauden prezio publikoak (€/m2) daude erantsita, interesatuek jakin dezaten ze preziotan alokatu edo saltzen diren gaur egun babestutako etxebizitzak. 


Horrekin batera, dirulaguntzen taula bat ere erantsi da, errentaren eta unitate familiarraren arabera, lortu daitezkeen dirulaguntzak ezagutzeko. 

 

Aste honetan etxe guztietara iritsi den galdetegi hau otsailaren 13a baino lehen utzi beharko da Udaletxeko buzoiean. 


Inork beharko balu, albiste honetan erantsita dago galdetegia, inprimitu, bete eta Udaletxean uzteko.