OHITURAK ETA KULTURA

 

Ihauteriak eta Zahagi dantza

Artxiboetan aurkitutako inauteriei buruzko aipamenik zaharrena XIX. mende bukaerakoa da. Ordukoa da egun horietan herritarrak nola eta noiz mozorrotu zitezkeen arautzen duen Udal Ordenantza, euskarazko ordenantzak atalean azaldu bezala.

Zahagi dantzaren oinarriaz datu zehatzak falta diren arren teoria hedatuena zera da: karnabaletan herrira etorritako ikazkin bat irudikatzen du “zahagi” pertsonaiak. Bizkarrean izaten duen zahagia ardoz betetzen zuen, gero edari hori basora eramateko. Mozkortutakoan herritarrak, neskak batez ere, musukatu nahian laisterka hasten da haien atzetik. Azkenean herriko gazteek makilaz jotzen dute ikazkina, herritik alde egin dezan.

Honelatsu dioen letra ere kantatzen dute goizuetar askok: “ni ez naiz mozorroa izanagatik lau begi, atoz atoz honara, ez zaitez joan ihesi”.

 

Peñaren eguna

Iruñako Peñak San Ferminetan ibiltzen ziren erara ibili asmoz sortu zuten herriko hainbat gaztek Umore Ona Peña 1959an. Gaindegi etxean kokatu zuten egoitza. Koadrila bat izatetik herriko gazte gehienak bere baitan hartzeko saltoa eman zuen urte gutxitan. Bere egitekoan ere jauzi esanguratsua eman zuen, hasieran Amabirjinetarako ekintzak prestatzen zituzten eta gerora urte osoan zehar era guztietako ekitaldiak antolatzen hasi ziren: pilota edo mus txapelketak, kabalgata...

Peña sortu eta handik 25 urtera izen bereko elkartea inauguratu zen, aurreko urte luzez peñakideek amestutako helburua lortuz. Bere sorreratik Amabirjinetako festetan egun propioa izan du peñak, “Peñaren Eguna”, abuztuaren 18an ospatzen dena.

 

Feria eguna

Goizuetako herriak 1869an Nafarroako Gobernadoreari eskari bat egin zion. Urtean zehar lau feria egiten ziren, San Anton, San Isidro, San Migel eta Santu guztien egunean. Garai hartan zortzi burdinolak itxi ziren eta aurrera egiteko modu bakarra abeltzaintza izanik, beste herrietara joatea ez zen errentagarria, bidean ordu asko eta maiz gaua ere etxetik kanpo pasatzen zutelako. Horrek gastua eragiten zuen. Onartu egin zuten eskaria, baina urteak aurrera, feriak pixkanaka indarra galdu zuen. Urria, azaroa eta abenduko azken larunbatetan ospatzetik batere ez egitera pasa zen zerri feria. 2004. urtean berreskuratu zen feria eguna. Goizuetako herritarrentzat esanahi oso berezia dauka egun honek, garai bateko ohitura eta tradizioak transmititzeko gai delako, besteak beste. Geroztik azaroko azken larunbatean ospatzen da urtero.

 

Gastronomia

Gastronomiak garrantzia handia izan du eta du gaur egun ere Goizuetan. Horren adibide da bertan prestatzen den “Buru zopa”: arkume burua, birikak eta bihotza, tipula, baratxuria, piper gorria, zopako ogia, gatza eta olioaz egindako eltzekoa. Inauterietan zerri hankak edo “Xangok” jateko ohitura dago gaur egun ere.

 

Baserriak

Gure herria baserri polit eta ederrez inguratuta dago, gaur egun hutsik daude asko edo, tamalez, eroriak ere badaude. Dena den, Goizuetan, Leitza eta Aranon bezalaxe, baserri ugari dago eta herriko bizitzaren zati garrantzitsua izan dira.

Gaur egun baserriak eta herritik kanpo egin diren etxe berriak 100 inguru ditugu.