INFORMAZIO OROKORRA

 

"Goizueta" Herriaren izenaren lehendabiziko aipamen idatzia

Dokumentaziorik zaharrenean lehen lekukotasuna Iruñeako katedraleko Goizuuieta da, 1186an. 1188an Goizubieta izena agertzen da lehendabizikoz eta 1.320rako Goizueta bilakatu zen. Diotenez, Zubi-Handi zubiak ematen dio izena herriari. Izena hiru zatitan banatu ezkero eta bakoitzaren esanahia aztertuaz, hau da emaitza:

GOI: GOIKO

ZUBI: ZUBIA

ETA: Bat baino gehiago adierazten duen atzizkia. Toki izena adierazten duen atzizkia ere bada.

Esanahi hauek hartuz eta egoera geografikoa begiratu ezkero, ondorio batera iristen gara: Itsaso aldetik hasita Urumea errekaren ibilbidea gorantz jarraituz, azken zubiak Goizuetan daudela ikus daiteke. Urumea errekaren alde banatan dauden bi auzoak batzen ditu zubiak.

 

Senidetzeak

Antzin herriarekin 2012ko maiatzaren 26an sinatu zen senidetzeko akordioa; Antzingo Txondarraren III. egunean. Akordioa garai batean bi herriek ikazkintzarekin izan zuten harremana zela eta sinatu zen.

 

Historia

Erdi aroan, garai hartako gatazken ondorioz, behin eta berriz erre zuten Goizueta. Horregatik, bi dorre eraiki ziren herria babesteko: Zibola eta Alduntzin.

1555eko azaroaren 25ean, 120 etxetatik 25 erabat kiskali ziren eta beste 12 erdi erreak gelditu ziren, garai hartan ospitalea zen Magdalena ere bai.

1.630 urtera arte, Goizuetako udalerriak Arano herria bere jurisdikziopean eduki zuen.