2022/12/26

Betizu behiak geolokalizatuta edukitzeko proiektua Goizuetan

EH Bilduk Nafarroako 2023ko aurrekontuei egindako emendakinei esker, 180.000 euro bideratuko dira Goizuetako betizu behiei GPSak jartzeko.

Jakina da Goizuetan azkenaldian arazoak izaten ari direla betizu behiekin. Abelburu hauen kopuru handia eta Goizuetako lursailen orografia berezia dela eta, abeltzainentzat ez da erraza izaten behi guztiak kontrolpean izatea eta maiz jeisten dira herrira eta errepide ingurura, tarteka sustoren bat sortuz. 

Arazo honentzako soluzioa erraza ez den arren, baliagarria izan daitekeen teknologia berri bat frogatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta emaitza onak ematen ari dela ikusita, Goizuetan martxan jartzea erabaki du Nafarroako Gobernuak INTIAri enkargatu berri dion proiektu baten bidez. EH Bilduk Nafarroako 2023ko aurrekontuei egindako hainbat emendakinen artean, Goizuetako betizu behien kontrola digitalizatzeko proiektua sartu zueen, eta joan den abenduaren 22an egindako bilkuran onarpena eman zion Nafarroako Parlamentuko Mahaiak. 

Joare digitalak
Emendakin honi esker, guztira 180.000 euroko inbertsioa egingo da Goizuetako betizuei GPSdun lepokoak jartzeko. Lepoko hauen bidez, abeltzainek uneoro jakin ahal izango dute non dauden beraien behiak. Horrez gain hesi birtualak ezartzeko aukera ematen du teknologia honek, adibidez, betizuak eremu jakin batetik atera ez daitezen edo herrira hurbil ez daitezen. 300na euroko kostua duten lepoko hauek plaka fotovoltaiko bidez kargatzen direnez, abeltzainek ez dute kargatzen ari beharko, eguzki energia bidez birkargatuko baitira.

 

Proiektu aitzindaria

Zalantzarik gabe, digitalizazio proiektu aitzindari hau laguntza handia izango da abeltzaintza estentsiboan jarduten duten abeltzainentzat, alde batetik abereak kontrolatzeko baliagarria izango delako, eta bestetik, oraindik proiektu esperimentala izan arren, ongi funtzionatuz gero, Nafarroako beste herrietara zabaltzeko aukera emango baitu.